@belastegi
Donostia

Mundu osoko akreditatuen iritzi eta sentipenak

Hitz egiten hasi eta gutxira elkarrizketa inon agertzea nahi ez duela esan du batek, lotsatia dela besteak, zuzenean eskuekin «ezetz» adierazten zuen talde batek... tartean laguntzeko prest zeuden euskaldun pila bat ezagutzeko aukera izan dut, baina testu honetarako ez zidaten balio. Azkenean, Euskal Herritik kanpoko bost akreditatuk Zinemaldiari buruz dituzten iritzi eta sentipenak gurekin elkarbanatzera ausartu dira.

Carlos Nuñez - Txile

Atseden hartzen harrapatu dugu prentsa klubean. Jaialdi desberdinetako programatzaileen hartzeko topaketari buruzko albistea irakurtzen ari zen, bera bertan egon zelako: «Santiagoko zinema jaialdiko zuzendari artistikoa naiz. Jose Luis Rebordinosen gonbidapena jaso nuen Zinemaldian industriari eskainitako espazioan parte hartzeko, pelikulak ikusteko eta Estatu espainoleko ekoizleak ezagutzeko. Munduko jaialdi handi guztietan izan naiz, Donostiakoa besterik ez zitzaidan falta guk egiten duguna abuztu amaieran delako eta beti porru eginda amaitzen dugulako. Baina aurten lekua hartu dut etorri ahal izateko. Benjamin Naishtaten ‘Rojo’ ikusi dut eta asko gustatu zitzaidan; Iciar Bollainen ‘Juli’ ere dexente gustatu zait; Pawel Pawlikowskiren ‘Cold war’ urteko filmerik interesgarrien artean kokatuko nuke. Hiru egun besterik ez ditut eman hemen. Banoa Madrilera eta gero Bartzelonara, bilera batzuetara. Uste dut egitarauak, beti bezala, sekulako kalitatea izan duela. Gozatzen ari naiz». 


Gema Escudero - Madrid

Argentinakoa den lagun batekin mintzatzen ari zen, hark guri ezezkoa eman ostean. «Ni ere lotsatia naiz, baina ez naizenaren plantak egingo ditut». Ez diot sinistu.

«Argazkiak egitera etorri nahiz. Alde batetik bestera nabil: iristeak, irteerak, alfonbrak, photocallak, hondartzako harea… denetik. Nire lehen urtea da, lankideak diren erredaktoreek konbentzitu nautelako. Oso ondo pasatzen ari naiz eta denok xarmangarriak zarete. Ahal dudan guztietan etorriko naiz jende guztia oso jatorra delako. Jaialdiari 10 bat jarriko nioke. Zinemaldia amaitu arte geldituko naiz; eta egun bat gehiago agian, festa ostean errekuperatzeko [azken egunean festa bat egiten da Miramar jauregian]. Nire lankideek esan didate dotore jantzita hondartzan amaitzen duzula gaua. Nik ez dut edaten, beraz, nik eramango dut kotxea. Argazkilaria naizen arren, zinema gustatzen zait eta ahal dudanean sartzen naiz zinemara. ‘El reino’, ‘Tiempo después’ eta ‘Yuli’ ikusi ditut. Espero dut ‘Quién te cantará’ ikusi ahal izatea. Vermuten jarraitzailea naiz.

Rafael Sansores - Mexiko

Lanean guztiz murgiltuta zegoen, baina ez du arazorik izan ordenagailua une batez alde batera uzteko.

«Jaialdia kubritzera etorri naiz. Ez naiz kazetaria baina aldizkari digital bat daukat ‘Inspiras’ izenekoa eta kazetariaren papera hartzen dut. Hedabideen artean tarte bat egin diguna izan da prozesuen alde baikorra azpimarratzen saiatzen garela. Jendeari esaten diogu dena posiblea dela. Bradley Cooper gaur egun dena izatera iritsi aurretik, noizbait ikasle bat izan zen Robert De Niro izatearekin amesten zuena. Bertan egoteko borrokatu zuen. Pelikula asko ikusi ditut. Horien artean ‘Quién te cantará’ izugarri gustatu zait, oso sentsazio onekin atera naiz. ‘A beautiful boy’ ez nuen ikusi behar, baina zoriz sartu nintzen aretora eta nabarmentzekoa dela iruditzen zait. Azken honek adikzioaren gaia jorratzen du, alegia, arazo gehiegi izan gabe ere droga batek suntsitu zaitzakela esaten digu; jolasean probatu zenuen horrek nola harrapatzen zaitun. Era berean, aita batek semea nolabait hiltzen utzi behar duela esaten digu, bere bizitza benetan arriskatzen duen arren. ‘First man’ ere dexente gustatu zait, eta ‘Faithful man’ berezia da».

Delia Guerra - Madrid

Eskilaratik behera zijoala harrapatu dugu, kazetariontzat hain ezezaguna den industriari eskainitako espaziora joaten zen bitartean.

«Zuzendariei jaialdietan izena ematea ahalbidetzen dien plataforma batean egiten dut lan. Bilerak lotzera eta produktua ezagutzera ematera etorri naiz batez ere. Laugarren urtez etorri naiz aurten, hiriaz guztiz maiteminduta nago. Jada Zinemaldiaren dinamika ezagutzen dut. Lehen urtean oso galduta nengoen, baina beno, denera ohitzen gara. Hala ere, oso jaialdi erosoa da dena gertu dagoelako. Gertatu izan zait norbaitekin gelditu, deitu eta biak atean gaudela esatea… baina bat Kursaalean eta bestea San Telmon. Hori da hemen gertatu dakizuken gauzarik larriena. Berlin eta Clermonteko jaialdietara ere joan ohi naiz, baina Zinemaldia da emaitzarik hoberenak ematen didana. Izan ere, aurten seguraski ez naiz Berlinera joango. Zoramen bat da eta proiektuak galdu egiten dira bertan. Gainera hotz handia egiten du, oso garestia da eta oso gaizki jaten da. Ez dauka erakargarri handirik…»


Carles Bober - Palma de Mallorca

Lanean ari zen baina gerturatu orduko aurikularrak kendu eta jator agertu da.

«Balear irletako delegazio bat etorri gara, Ikerketa Balearikoko institutuak babestuta. Irletako ekoizle eta zuzendariok gure proiektuak ekartzen ditugu merkatuan eta industriari eskainitako espazioan parte hartzeko. Bilerak egiten ditugu gure proiektuak saltzeko. Nire kasuan dokumental bat egiteko proiektua daukat. Edukia nahiko lekuan lekukoa bada ere, istorioa unibertsala da eta uste dut mundu osoko jendea erakarri dezakela. Bestalde, dokumentalgintzako arloan zer egiten ari diren ezagutzea interesatzen zait. Ostegunean gai horren inguruko hitzaldi batzuetara joango naiz. Ez naiz filmak ikustera etorri baina Zuzendari Berriak saileko bat ikusi ahal izango dut, Koldo Almandozen ‘Oreina’. Oso interesgarria da eta ondo iruditzen zait jaialdiek zinema independientearen aldeko apustua egitea, eta kasu honetan gehiago zuzendaria bertakoa izanik».