NAIZ
DONOSTIA

Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzunegui, Euskadi Literatura sariak

2018ri dagozkion Euskadi Literatura sarien irabazleetako hiru jakinarazi dituzte gaur goizean: Eider Rodriguezak eskuratu du euskarazko literaturari dagokiona, Yolanda Mosquerak ilustrazioari dagokiona eta Santos Zunzuneguik gaztelaniazko saiakera atalekoa.

Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzunegui, Bingen Zupiria eta Joxan Muñozekin. (IREKIA)
Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzunegui, Bingen Zupiria eta Joxan Muñozekin. (IREKIA)

Eider Rodriguezek jaso du Euskadi Literatura saria euskarazko literaturaren atalean, ‘Bihotz handiegia’ lanagatik. Yolanda Mosquerak ilustrazioa atalari dagokion saria eskuratu du, ‘La pequeña Roque’ lanagatik, eta Santos Zunzuneguik, berriz, gaztelaniazko saiakerari dagokiona, ‘Bajo el signo de la melancolía’ obragatik.

Hiru saridunak Donostian izan dira gaur, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordearekin egin duten agerraldian, eta pozik agertu dira jasotako errekonozimenduagatik.

Zupiriak nabarmendu duenez, sari hauek «gure sortzaileen lana aitortzeko aukera ematen digute; bestetik, lan hori agerikoagoa egiten laguntzen digute. Sari hauek gure letrek eman duten onena albiste bilakatzeko beste aukera bat ematen digute, egileen lana gizarteari ezagutaraziz, eta, era berean, sortzaileei erakundeen zein gizartearen aitortza helarazten zaie».

Euskadi Sarien gainontzeko lau irabazleak bi aste barru ezagutaraziko dituzte: gaztelaniazko literatura, euskarazko saiakera, euskarazko literatura itzulpena eta, azkenik, euskarazko haur eta gazte literatura. Sariak azaroaren 27an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean.