NAIZ
BILBO

20.840 etxebizitza huts daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

EAEn 20.840 dira bi urtetik gora arrazoirik gabe erabilerarik gabe dauden etxebizitzak, parke osoaren %2a, Lakuako Gobernuak aurkeztu duen ‘Euskadiko etxebizitzaren erabilerarik buruzko 2017ko txostena’-ren arabera.  

20.840 etxebizitza huts zenbatu dituzte EAEn. (Gorka RUBIO/FOKU)
20.840 etxebizitza huts zenbatu dituzte EAEn. (Gorka RUBIO/FOKU)

Auzitegi Konstituzionalak EAEko Etxebizitza Legearen puntu gehienak onetsi eta hurrengo egunean agerraldia egin du Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde plangitza eta Etxebizitzako sailburuak, etxebizitzen erabilerari buruzko 2017ko txostena aurkezteko.

Etxebizitzen «funtzio soziala» berreskuratzeko hainbat tresna jartzen ditu legeak administrazioen esku, tartean kanon bat ezartzea, alokatzera behartzea edota desjabetzea, betiere baldintza oso zehatz batzuetan.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik, araua garatzeko erregelamenda garatzen hasiko da Lakua –2019ko bigarren seihilekorako prest egotea espero dute– eta ondoren udalen esku geratuko da aplikazioa.

20.840 etxebizitza huts EAEn

Gasteizko Legebiltzarrak 2015ean aipatu legea onartu zuenetik etxebizitzen erabilera aztertu duen lehen txostena da, Euskal Etxebizitzako Behatokiak egina. 

Aipatu arauak lehen aldiz zehaztu zuen etxebizitza hutsaren kontzeptua arrazoirik gabe «bi urtetik gora etengabe hutsik» daudenei dagokiela. 

Arriolak nabarmendu du legearen helburua hutsik dauden etxebizitzei erabilpena ematea dela, eta ez zigorrak ezartzea.

Hutsik jarraitzen duten etxebizitzak mobilizatu ezean txosten bat irekiko da eta jabeak alegazioak aurkezteko aukera izango du.

Gogoratu du, gainera, bigarren etxebizitzak edota beste motibo batzuengatik erabiltzen ez direnak ez dituztela huts bezala zenbatuko.

Definizio horren arabera, txostenak jasotzen du 20.840 etxebizitza huts daudela Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, parke osoaren %2a. Azterketak dio beste 13.626 etxebizitza daudela urtean gutxienez sei hilabetez hutsik eta, hortaz, ondorioztatzen du guztira 34.466 liratekeela jenderik gabeko etxebizitzak dinamizatzeko programetarako baliatzeko modukoak, EAEko etxebizitza parkea osoaren %3,3a. 

34.466 horietatik, 16.456 Bizkaian daude (%47,7a), 11.610 Gipuzkoan (%33,7a) eta 6.400 Araban (%18,6a). 

Aipatu 20.840 horietatik, jabeen ebaluazioaren arabera, %37,7a berehala okupatzeko moduan dago, %26,6ak lan arin edo moderatuak behar ditu eta %16,8ak erreforma handia behar du.

Azterketak ondorioztatzen duenez, biztanle gehien duten hiriak direla etxebizitza hutsen ehuneko txikiena dutenak. 

Mota honetako azterketak «oso baliagarriak» direla azpimarratu du Arriolak, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko programen oinarri diren etxebizitza kopuruak identifikatzeko aukera ematen dutelako. Horrez gain, kontserbazio egoera eta horietan bizi ahal izateko egin beharreko konponketa edo birgaitze lanak zein haien kokapena ezagutzeko aukera ere ematen du txostenak.