naiz
Gasteiz

Pobreziaren aurkako HELa babestuz 51.000 sinadura aurkeztu ditu Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri-Ekimen Legegilea (HEL) babesten duten 51.000 sinadura aurkeztu dituzte Gasteizko Legebiltzarrean. «Ikuspuntu demokratikotik onartezina litzateke pikutara bidaltzea 51.000 lagunek babestu duten lan sozial hau», adierazi dute.

HELaren aldeko 51.000 sinadura aurkeztu ditu Eskubide Sozialen Kartak. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
HELaren aldeko 51.000 sinadura aurkeztu ditu Eskubide Sozialen Kartak. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Euskal gehiengo sindikalak eta hainbat organizazio eta erakunde sozialek osatzen duten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri-Ekimen Legegilea (HEL) babesten duten 51.000 sinadura aurkeztu dituzte Gasteizko Legebiltzarrean.

HEL honek Diru-Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legea eta Etxebizitzaren 3/2005 Legea aldatzea proposatzen du. Diru sarrera bermatzeko errenta (DBSE) jaso ahal izateko adina 23 urtetik 18ra jaistea eta 18 urte ez dituztenek ere «egoera berezian gertatuz gero» eskubidea izatea defendatzen dute. Era berean,  aurrez erroldatuta egon beharreko epea «hiru urtetik urtebetera murriztea» defendatzen dute.

Bestetik, DBSEa jasotzeko eskubidea bizikidetza-unitate bakoitzari aitortzea, zenbatekoa hobetzea, erreferentzia gisa lanbidearteko gutxieneko soldata (LAGS) hartuz. Era berean, «Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskubide subjektibo bihurtu behar direla» proposatzen dute, «jasotzeko aukera ez dadin aurrekontuen baitan geratu, baizik erantzun beharrezko beharrizanen baitan».

Alokairu sozialeko etxebizitzari dagokionez, «hauek izateko eskubide efektiboa bermatzea» babestu nahi dute.

«Ikuspuntu demokratikotik onartezina litzateke pikutara bidaltzea 51.000 lagunek babestu duten lan sozial hau», adierazi du ELA sindikatuak ohar baten bidez. Gai hauek guztiak jorratzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak talde parlamentario ezberdinekin erronda bat egiteko asmoa duela iragarri du.