@gara_miantzi
Donostia

Oneka euskal emakume pentsiodunen elkartea sortu dute, bizitza duina lortzeko

Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunak elkartu nahi ditu Oneka plataforma berriak. Adineko emakume eta pentsiodun diren heinean zein egoera bizi dituzten agertu dute: «pentsio askoz baxuagoak izateak dakarren arrakala eta honen ondorioak», kotizatu gabeko lanaren ondorengo «eskubiderik gabeko zahartzaroa», indarkeria, «bazterketa mota asko», bakardadea, ikusezintasuna... «Bidegabekeria sozial» horren aurrean, antolatzeko beharra ikusi dute, dituzten beharrei erantzuteko eta gizartearen eta instituzioen aurrean bozeramaile izateko.

Hainbat emakume pentsiodun, Oneka plataforma berria aurkezten. (Gorka RUBIO/FOKU)
Hainbat emakume pentsiodun, Oneka plataforma berria aurkezten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Oneka euskal emakume pentsiodunen plataformaren xede nagusia emakume guztientzako pentsio duinak eskuratzea da, Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraituz. Hego Euskal Herria izanen dute lan esparru eta bertako instituzioengana jotzeko asmoa dute. Besteak beste, babes eta segurtasun sozialeko sistema kudeatu eta bideratuko duen organo bat sortzea defendatuko dute.

Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean aurkeztu dute plataforma berria, Donostiako Emakumeen Etxean, hainbat lagunek, kazetari ugariren aitzinean. Agertu dutenez, emakume nagusiek indarkeriarik gabeko bizitza autonomo bat gozatzeko aukera izan dezaten neurri sozial eta politikoak aldarrikatuko dituzte.

Lan horretan bertze plataformekin aritu nahi dute eskuz esku, eta hala pertsona nagusien eta pentsiodunen mugimenduak eta mobilizazioak ahalik eta zabalenak izan daitezen saiatuko dira. Jendartearekin eta erakundeekin ere solastatu eta elkarguneak bilatzeko esperantza dute.

Euskal Herriko emakume feministen mugimenduarekin bat egin, eta beren lana zoriondu dute, eta joan den Martxoaren 8an egindako urratsa nabarmendu dute. «Beraien esanetara gaude elkarlanean aritzeko orain eta etorkizuneko erronketan». E-mail helbide bat utzi dute harremanetarako, emakume pentsiodun guztiei besoak zabalduz: oneka.emakume.pentsionistak@gmail.com.