NAIZ
BAIONA

Baionako ospitalean zen gaztea taser borra baten ondorioz zendu zela salatu dute senideek

Joan den larunbatean Baionako ospitalean zendu zen Bader Idriss gaztearen senideek Euskal Irratien bitartez salatu dute bera atxilotu zuten Poliziek borra elektrikoak erabili zituztelako izan zuela bihotzekoa. Hiru egunez koma egoeran egon ondoren hil zen. Autopsiaren zain dago familia. 

Bader Idriss gaztearen heriotza borra elektriko baten erabilpenaren ondorio dela salatu dute haren senideek Euskal Irratietan

Komunikabide honek azaldu duenaren arabera, joan den larunbatean hil zen gaztea Baionako ospitalean, hiru egunez koman egon ondoren. 

Poliziak asteazken arratsaldean atxilotu zuen gaztea, Pausun (Urruñan), auzoko bizitegi batera sartu ondoren. Gaztearen senideen arabera, hura atxilotu zuten momentuan baliatu zituzten borra elektrikoek bihotzekoa eragin zioten eta, ondorioz, koma egoeran sartu zen. 

Autopsiaren emaitzen zain daude oraindik, baina gaztearen aitaordeak salatu du Polizia eta larrialdi zerbitzuak ez zirela ahal bezain aritu eta horregatik iritsi zela ospitalera koma egoeran. 

Lekukoekin ere mintzatu dira Euskal Irratiek eta atxiloketa gertatu aurretik gaztea auzoan barrena ibili zela eta «bere onetik aterata» ikusi zutela, «laguntza eskatzen gehienbat». Bertsio desberdinak daudela gaineratu dute. 

Baionako Ospitaleko iturriak ere aipatu dituzte Euskal Irratiek eta, esan dutenez, gazteak arazoak zituen drogekin eta aurrez zenbaitetan artatu behar izan zuten.   

Gertatutakoa salatzeko, martxa isila egingo dute larunbatean, Pausutik abiatuta.