NAIZ
GASTEIZ

Euskararen komunitatearen etorkizunari buruzko adierazpena onartu du Eusko Ikaskuntzak

«Euskaraz bizi, garatu eta munduan euskaraz egon nahi duen komunitatearentzako etorkizunerako gutxieneko oinarriak» jasotzen dituen adierazpena onartu dute Gasteizen, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan. 

Eusko Ikaskuntzaren kongresuko bigarren saioa, Gasteizen. (EUSKO IKASKUNTZA)
Eusko Ikaskuntzaren kongresuko bigarren saioa, Gasteizen. (EUSKO IKASKUNTZA)

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren bigarren saioari hasiera eman diote Gasteizen eta bertan izan dira Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Arabako Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde Anjeles Iztuetak. 

Eusko Ikaskuntzak 2016an abian jarri zuen ‘e5. Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen’ proiektuko emaitzak aurkeztu dituzte Arabako hiriburuan eginiko saioan. Egitasmoa metodologia berritzailea erabiltzeagatik nabarmentzen dela azaldu dute, ez baita hizkuntzan arreta jarri, baizik eta etorkizuneko euskalgintzaren eta euskararen komunitatearen garapenean.

Mikel Irizar Intxaustiren eta J. Inazio Markoren kokatze hitzaldien ondoren, euskaraz bizi nahi duen komunitateak dituen edo izan behar lituzkeen aktiboei buruzko ekimen eta proposamenak aurkeztu dituzte espezialistek sei eremutan banatuta: giza kapitala eta kultur kapitala; kapital politikoa eta kapital ekonomikoa; eta azpiegitura kapitala eta gizarte kapitala.

Arratsaldeko saioan, University of Massachusetts-eko Antropologia irakasle den Jacqueline Urlak ‘Hizlariarengan ardaztutako hizkuntza-plangintza helburu’ hitzaldia eskaini du.

Adierazpena

Azkenik, euskal kulturaren eremuko ehun pertsonatik gora ‘e5 Kongresuko Adierazpena’ sinatu dute eta Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko ‘Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria’n txertatuko da.

Liburu Zuri horrek Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren ikerketa proiektu desberdinek jasotako ondorioak biltzen ditu. Oñatin, azaroaren 23an, aurkeztuko da ondorioetara egokitutako itxiera saioan. Bertan, e5 egitasmoak planteatutako etorkizuneko eszenatokiak jakinaraziko dira. 

Itxiera iritsi aurretik, Iruñean eta Bilbon egingo dituzte hurrengo saioak, urriaren 26an eta Bilbon, azaroaren 9an, hurrenez hurren.