NAIZ

435 lagunek gaua kalean ematen dute, EAEko 26 udalerritan egindako kontaketaren arabera

EAEko 26 udalerritan egindako kontaketaren arabera, 435 lagunek gaua eman zuten urriaren 18tik 19ra bitarteko gauan, Lakuako Gobernuaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren azterketa batek jaso duenez. 919 boluntariori esker atera dituzte datuok.

Etxerik gabeko bi pertsona, Bilbon. (Jon HERNAEZ/FOKU)
Etxerik gabeko bi pertsona, Bilbon. (Jon HERNAEZ/FOKU)

EAEko 26 udalerritan aldibereko kontaketa egin zen urriaren 18tik 19ra eta 435 personak gaua kalean eman zutela ondorioztatu zuten. Hala jakinarazi du Lide Amilibia Lakuako Gobernuko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako sailburuordeak. 

435 persona horietatik 390 gizonezkoak ziren, 26 emakumeak eta 19 kasutan «ezin izan zen pertsonaren sexua identifikatu».

Kontaketa honako udalerrietan egin zen: Amurrio, Arrasate, Barakaldo, Bergara, Bilbo, Donostia, Eibar, Erandio, Errenteria, Galdakao, Getxo, Gueñes, Hernani, Irun, Laudio, Legazpi, Leioa, Oiartzun, Pasaia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Tolosa, Urduña, Gasteiz eta Zallan. Udalerri horietan EAEko biztanleen %66 bizi dira.

Azterketaren arabera, gau hura kalean eman zuten etxerik gabeko pertsonen %78,4k hiribururen batean eman zuen, 341 pertsonak, guztira. Zehazki, Bilbon 211 pertsona zenbatu ziren, Donostian 106 eta Gasteizen, 24. Barakaldon, biztanle gehien duen EAEko laugarren udalerrian, beste 30 pertsona zenbatu ziren, eta, gainerakoak, 64 pertsona, gainerako 22 udalerrietan.

Kontaketan 919 boluntariok parte hartu zuten eta guztiek prozedura berari jarraitu zioten 26 udalerrietan.

«Nahiz eta bizitokirik ez duten pertsonen kopurua zehaztea zaila den, kontaketa horien bidez errealitate oso aldakorrera hurbil gaitezke», nabarmendu du Amilibiak. Bere esanetan, bizitokirik gabeko pertsonek ez dute talde homogeneoa eratzen eta ez dituzte ezaugarri iraunkorrak denboran zehar; beraz, «ez dago bizitokirik gabeko pertsonarik, une jakin batean, egoera horretan zenbait kausarengatik dauden pertsonak baino».

Datuok EAEn egoitza-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko IV. azterlanaren zati gisa baliatuko dira; azterlana beste datu batzuekin osatuko da, eta EAEn egoitza-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko isla zabalagoa eskainiko du. 2019aren amaieran argitaratuko da.