NAIZ
Donostia

Info7 Irratiak programazio berezia eskainiko du abenduaren 15ean seinalea eten arte

Info7 Irratiak seinalea etengo du abenduaren 15ean, proiektu berri bati ekiteko. Astelehenean hasita eta azken egun horretara bitarte, programazio berezia eskainiko du. Solasaldi bereziak egingo dituzte, urte hauetako momentu esanguratsuenak bilduko dituzte eta azaroaren 30etik aurrera agur bira bati ekingo diote.

Info7 irratiko lan-taldea, agerraldian. (FOKU)
Info7 irratiko lan-taldea, agerraldian. (FOKU)

Info7 Irratiak duela egun batzuk aurreratu zuen abenduaren 15ean seinalea etengo zuela; modu berezian esan nahi dio agur 13 urteko ibilbide honi. Horretarako programazio berezia prestatu dute urte amaierarako eta astelehenean, hilaren 29an, emanen diote hasiera bi helbururekin: «Batetik, 13 urte hauetan Info7k egin duen ekarpena agerian jartzea. Eta bestetik, urte hauetan irratian parte hartu duen jendea elkartu eta elkarrekin itxiera polit bat ematea».

Zentzu horretan, astelehenetik aurrera goizeko ‘Kalegorrian’ saioan solasaldi bereziak egingo dituzte. «Bertan, urte hauetako irratiko momentu esanguratsuenak ekarriko ditugu gogora». Honi hasiera emateko, lehen saio berezi honetan, Antton Basurko, irratiko sorreran musika arduraduna zena, eta ordutik musika saioak egin dituzten Andoni Tolosa eta Jon Eskisabel bilduko dituzte. «Irratia eta musikagintzaren inguruan gogoeta ere egingo dugu. Izan ere, Info7 bere sorreratik informazioaren eta musikan espezializatutako irratia izan da».

Bira

Solasaldi horiek agur bira bati emanen diote lekukoa azaroaren 30etik aurrera. Bertan Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko dituzte. «Azaroaren 30ean lehen geldialdia Itziarren egingo dugu, eta bertan Joxe Landa eguraldi gizona bisitatuko dugu. Info7 irratian, hasi eta buka, astelehenetik ostiralera, egunero eman digu eguraldiaren berri». Hortik aurrera, hainbat plaza zapalduko dituzte. «Euskal Herriko bertso txapelketa zuzenean ematen hasi gineneko urteak gogoratuko ditugu BECen, aldaketa politikoa aztertu eta sanferminetako momentikoak errepasatuko ditugu Iruñean, herri-harresietan egindako zuzeneko kontakizuna oroituko dugu Ondarroan edota ETAren amaiera gogora ekarriko dugu Luhuso eta Baionan egingo ditugun geldialdietan».

Bira hau Urruñan amaituko da abenduaren 15ean. 9.00etan hasita eta eguerdira bitarte elkarrizketa akustikoak, bertsoak eta umorea izango dira nagusi. Egun horren parte izatera gonbidatu dituzte irratiko langile, bazkide, kolaboratzaile eta herritar zein entzuleak. «Guztien artean eta festa giroan ixilduko dugu Info7 Irratia», adierazi dute. Xehetasun guztiak data gerturatu ahala eginen dituzte publiko.

Itxiera prozesu honek webgune berezia izango du eta bertan eduki guztiak aurkitu ahal izango dira. Azaroko solasaldi bereziak eta baita urte guzti hauetako audio «esanguratsuenak» ere.