NAIZ
BILBO

Zientzia Asteak doako 190 jarduera eskainiko ditu bost hiritan

EHUren Zientzia Astearen 18. edizioa hasi da gaur. Azaroaren 11ra arte doako 190 jarduera ludiko eta pedagogiko inguru eskainiko ditu, inoiz baino gehiago, adin guztiei zuzenduta, euskal gizartea zientzia eta teknologia mundura erakartzeko eta «zientzia entzun, dastatu, behatu, usaindu, ukitu eta sentitzera gonbidatzeko».

Zientzia Asteko aurreko edizio bateko irudia. (Jon URBE/FOKU)
Zientzia Asteko aurreko edizio bateko irudia. (Jon URBE/FOKU)

EHUk antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea bost hiritan egingo da lehen aldiz, aurten Eibar ere sartu baita, aurreko urteetako hiriez gainera: Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Barakaldo. Inoiz baino jarduera gehiago prestatu dituzte aurten, 190, adin guztietako jendeari zuzenduta, euskal gizartea zientzia eta teknologia mundura erakartzeko eta «zientzia entzun, dastatu, behatu, usaindu, ukitu eta sentitzera gonbidatzeko».

Inaugurazio ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoan egin dute, eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Patxi Juaristi EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak eta Amaia Eskisabel Lakuako Gobernuko Ikerketa zuzendariak parte hartu dute, besteak beste.

Edizio honetan, Zientzia Asteak eskaintza zabala prestatu du. Zientzia txoko, lantegi, txango, erakusketa, bisita gidatu eta lehiaketetan parte hartu ahalko dute bisitariek, eta zientzia, musika eta umore uztartzen dituzten Zientzia Club egitasmoko bakarrizketekin gozatu.

Jarduera guztiak dira doakoak eta lantegi, txango eta bisita gidatuetarako bakarrik eman behar da izena. Plaza asko jada hartuta egon arren, oraindik bada plaza librerik. Izen-ematea doakoa da, eta programari buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke.

Zientzia Asteak bisita gidatuak ere eskaintzen dizkie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei.