naiz
Irurtzun

Euskadi-Muriasek 20 txirrindularirekin egingo dio aurre 2019 denboraldiari

Euskadi-Murias taldeak 20 txirrindularien zerrenda baieztatu du 2019. urteko denboraldiari begira. Multzo osoa elkartuko da asteburu honetan Irurtzunen. Euskal taldeak gaztetasunaren eta harrobiaren aldeko apustua berretsi du.

Oscar Rodriguez izanen da Euskadi-Muriasen izen garrantzitsuetako bat. (Miguel RIOPA/AFP)
Oscar Rodriguez izanen da Euskadi-Muriasen izen garrantzitsuetako bat. (Miguel RIOPA/AFP)

Euskadi-Murias taldeak denboraldiko lehen kontzentrazioa egingo du asteburu honetan Irurtzunen eta, baieztatu duenez, 20 txirrindularirekin ekingo dio aurredenboraldiari. Aurpegi berriak bost dira: Beñat Intxausti (1986), Urko Berrade (1997), Mario Gonzalez (1992), Juan Antonio Lopez-Cozar (1994) eta Daniel Viejo (1997).

Gazteei aukera ematen jarraitzeko apostua egin du taldeak. Zentzu horretan zortzi taldekide 25 urtez azpikoak dira. 

Mikel Aristi (1993), Aritz Bagües (1989), Fernando Barcelo (1996), Ander Barrenetxea (1992), Cyril Barthe (1996), Mikel Bizkarra (1989), Garikoitz Bravo (1989), Julen Irizar (1995), Mikel Iturria (1992), Oscar Rodriguez (1995), Sergio Rodriguez (1992), Hector Saez (1993), Sergio Samitier (1995), Enrique Sanz (1989) eta Gotzon Udondok (1993) osatzen dute blokea.

20 txirrindulari hauek izango dute iazko denboraldi bikainari segida emateko ardura. Guztira, 10 garaipen erdiesti ditu Euskadi-Murias taldeak aurten, Oscar Rodriguezek Vueltan eta Edu Prades Turkiako Tourreko sailkapen nagusian lortutakoak azpimarratuta.

Iazko taldearekin alderatuz txirrindulari garrantzitsuak galdu ditu talde berdeak. Jon Aberasturi, Aitor Gonzalez, Eduard Prades eta Beñat Txoperenak utzi dute taldea. Prades izan da taldeko onena urte guztian zehar eta Aberasturik presentzia handia eman dio talderi esprinetan, garaipenen bat ere erdietsiz.

Gazteei dagokie orain hauen hutsunea betetzea. «2019 urteko taldea oso lehiakorra da. Aurtengo uzteak ordezkatzeko, txirrindulari gazteak eta mailakoak fitxatu ditugu. Gainera, multzoa haziko dela pentzatzen dut. Izan ere, Fernando, Cyril, Oscar, Samitier edota Julen gazteak beste urrats emateko prest dira», adierazi du Jon Odriozola zuzendariak. Beste erronka, Intxausti txirrindulari gisa berreskuratzea. «Berriz ere onena ematen lagunduko diogu».

Taldeari «arima eta adorea» eskatuko dio Odriozolak. Hortik iritsiko dira emaitzak. «Hori da xedea, ildo horri heltzea, zaleek gu bereizteko aurten edonon egin duten bezala».

Xabier Muriel (prestatzailea), Rubén Perez eta David Echavarri hiru kirol zuzendariak izanen 2019. urtean ere.

Asteburuan zehar txirrindulariek hitzaldiak jasoko dituzte (hedabideak, sare sozialak, elikadura, Adams, Pasaporte Biologikoa...), bakarkako bilerak izango dituzte kirol zuzendaritzarekin denboraldia zehazten hasteko eta material neurriak hartuko dituzte. Larunbatean, talde osoak ibilaldi bat egingo du mendira, oinez eta gero, bazkarian parte hartuko dute babesleekin baita hedabideekin ere.