Jon Ormazabal
IRUÑEA

Nafarroa Arena prest da bere lehen final handirako

Inolako arazorik gabe aukeratu dituzte Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak iganderako pilotak Nafarroa Arenan. Espero bezala, txapeldunarenak zerbait arinagoak dira, baina inolako kexurik gabe. Ikusmin handia izan da.

Ezkurdia eta Altuna, aukeratutako pilotekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Ezkurdia eta Altuna, aukeratutako pilotekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ikusmin handiarekin, harmailetan jende asko zela aukeratu dituzte Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak igandeko finalerako pilotak. Nafarroa Arenako lehen final handia izango da kaiolakoa eta dena zen berria Iruñeko pilotaleku erraldoian, eta hori gutxi balitz, inolako laguntzarik gabe aukeratu behar izan dituzte pilotariek finalerako pilotak.

Hori bai, saskian aurkitutakoarekin gustura amaitu dute bi finalistek eta alde horretatik ez da aitzakiarik espero. Altunaren iritziz, «nik aukeratutakoak bereak baino pixka bat bajuxeagoak dira, baina ez dut arazorik izango partidaren uneren batean Ezkurdiarenekin jokatu behar badut, gustatu zaizkit eta».

Arbizuko aurrelariak, bere aldetik zera esan du: «Txapelketa guztian zehar erabilitako pilotak aukeratu ditut, emandakoan ibiltzen direnak, mugitzea kostatzen diren horietakoak».

Pilotalekua ere ez da bietako inorentzat arazo izango, nahiz eta frontoi berri guztiek sortzen dituzten kezkak sorrarazten dizkien. Ezker pareta latz xamarra du eta alde horretatik sakearekin min egiteko kantxa egokia dirudi. Hala ere, bertan entrenatu ahala, neurriak hartu dizkiote Nafarroa Arenari.

Aldatu ez dena faboritoa izateak sortzen duen bertigoa izan da eta batak bestearen bizkarrean utzi nahi izan du paper hori Altunak eta Ezkurdiak.