naiz

‘Herenegun’ programa «hobekuntzetara irekia» dagoela adierazi du Jonan Fernandezek

Jonan Fernandezek, Lakuako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak ‘Herenegun’ programa osatzen duen «material guztia, bideoen lehen eszenatik azkenera arte, eta testuen lehen hitzetik azkenera arte, hobekuntzetara zabalik» dagoela berretsi du.

‘Herenegun’ programaren inguruko xehetasunak eman ditu Lakuak. (FOKU)
‘Herenegun’ programaren inguruko xehetasunak eman ditu Lakuak. (FOKU)

Lakuako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, Jonan Fernandezek, agerraldia egin du Maite Alonso Hezkuntza sailburuordearekin batera. Jakinarazi dutenez, ‘Herenegun’ programa osatzen duen «material guztia, bideoen lehen eszenatik azkenera arte, eta testuen lehen hitzetik azkenera arte, zabalik dago hobekuntzetara».

Zentzu horretan, «iraganarekiko geure begiradei buruzko posizioak hurbiltzen lagunduko duten alderdi guztietan» hobe daitekeela materiala adierazi dute. Hala ere, bi muga etiko ez dituztela gaindituko azpimarratu dute: «Ezin da onartu terrorismoaren eta indarkeriaren legitimazio inongo modurik eta ezin da alde batera utzi 60 urte horietan giza eskubideen eta bizitzaren eskubidearen aurkako eraso larririk ekarri duen inongo gertaerarik».

Beraz, bideo zein idatzizko lanetan ekarpenak jasotzea espero dute. Hori bai, gaur da horretarako azken eguna. Bihartik hasita eta urtarrilaren amaiera bitarte, material hauen inguruan «adostasun zabalena» bilatzeko lanetan arituko direla adierazi du Fernandezek.

Apiriletik ekainera bitartean, berriz, programa zortzi ikastetxetan frogatuko da, «berriz ere aztertu eta hobetzeko» asmoarekin.

Bizikidetza idazkari nagusiaren hitzetan, ‘Herenegun’ programa azken zazpi urteetan martxan egon den ‘Adi-Adian’ programaren osagarria da «bai ikuspegi etikotik, bai historikotik ere».