naiz

162.500 euro bildu ditu Errigoraren udazkeneko kanpainak nafar hegoaldeko euskararen alde

2018ko ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpainan 13.000 saski eskaera jaso dira. Modu honetan, 162.500 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldean «ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera».

Errigorak 162.500 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldean «ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera». (Errigora)
Errigorak 162.500 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldean «ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera». (Errigora)

13.000 saski eskaera jaso ditu Errigorak udazkeneko kanpainan. Orotara, 162.500 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldean «ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera». 2013 eta 2017 artean bost kanpaina egin zituzten, eta, jakinarazi dutenez, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 800.000€ inguru bideratuta zituzten.

«Eta pasa dugu bost urteko langa. Erraza ematen du, baina ez da hain sinplea urtez urte 200 herri baino gehiagotan ehunka lagun bere borondatez kanpainari emanda ibiltzea. Dozenaka euskaltegi, ikastola, eskola, elkarte, denda txiki, taberna eta abarretan kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzeko ahalegina egitea. Ez da erraza auzolan ariketa erraldoi hau udazkenero errepikatzea. Milaka etxetan urtero Errigoraren saskiak hartzeko hautua egitea», adierazi dute ohar baten bitartez.

Azaldu dutenez, kanpaina honetan 23 etxe izan dira haien produktua eskaini dutenak. «Dozenaka langile eta ehunka nekazari. Oso polita da helburuak konpartitzen ditugunen arteko elkarlana. Eta politagoa desberdinen artekoa; batzuei besteen irrikak eta ametsak itsastea», gehitu dute.

Denbora honen ostean, «ziklo berria indarrez zabaltzen dugula ikustea» garrantzitsua dela nabarmendu nahi izan dute. «Ikastolek, oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, inbertsio berriei aurre egiteko aukera ere izango dute; AEKn izena ematen dutenek beka-sistema baterako sarbidea izango dute eta Sortzenek euskararenganako aurreiritzi eta diskurtso gezurtiei aurre egiten jarraituko du, sare publikoan D ereduaren aldeko hautua sustatuz. Labur esanda, Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzera bideratuko da ekarpena, euskalgintzara haize berriak ekar ditzaketen proiektuei muzin egin gabe».