naiz
Donostia

Jock Zonfrillo sukaldari eskoziarrak Basque Culinary World Prize 2018 jasoko du bihar

Jock Zonfrillo eskoziarrak Basque Culinary World Prize 2018 saria jasoko du bihar. Australiako herri aborigenen kulturaren alde egin duen lana sarituko dute eta haien sukaldaritzaren tradizioa babesteagatik. 2000n Australiara joan zen bizitzera eta han antzinako ehunka komunitate bisitatu ditu, bere osagaien jatorriak eta bere esanahi kulturala ulertzeko.

Jock Zonfrillo eskoziarrak Basque Culinary World Prize 2018 saria jasoko du bihar. (Basque Culinary Center)
Jock Zonfrillo eskoziarrak Basque Culinary World Prize 2018 saria jasoko du bihar. (Basque Culinary Center)

Jock Zonfrillo sukaldari eskoziarrak Basque Culinary World Prize 2018 saria jasoko du bihar, azaroaren 22an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian ospatuko den ekitaldian. Zonfrillok 100.000 euro jasoko ditu sariagatik, eta Australiako komunitate indigenek kudeatutako proiektuak bultzatzera bideratuko ditu. Gizartean aldaketa eragiteko gastronomiak duen balioa nabarmendu du chef eskoziarrak Donostian asteazken honetan egindako agerraldian.

Juanjo Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusiak ere parte hartu dute prentsa agerraldian.

Zonfrillo Orana jatetxea dauka Adelaidan (Australia), eta Orana Fundazioaren sortzailea da. Fundazioak Australiako komunitate aborigenak laguntzen ditu beren produktuen «bidezko» ekoizpen eta merkaturatzean. Sukaldari eskoziarrak 17 urte daramatza komunitate aborigen australiarrekin lanean.

Lakuak eta Basque Culinary Centerrek ematen dute Basque Culinary World Prize. Hainbat alorretan ekimen eraldatzaileak dituzten chefen lana aitortzen du, hala nola berrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan.

Horrela, Jock Zonfrillo nabarmendu da Australiako herri aborigenen kulturaren alde egin duen lanagatik eta haien sukaldaritzaren tradizioa babesteagatik. 2000n Australiara joan zen bizitzera eta han antzinako ehunka komunitate bisitatu ditu, bere osagaien jatorriak eta bere esanahi kulturala ulertzeko.