NAIZ

Javier Bergasa artista madrildarraren eskutik dator Esne Beltzaren ‘Ni’ azken lanaren azala

‘Ni’ du goiburu azaroaren 29an argia ikusiko duen Esne Beltza taldearen estudioko zazpigarren lanak. Azala Javier Bergasa artista madrildarrak marraztu du eta diskoan jasotzen diren sentimendu anitzak irudikatzen ditu. 

‘Ni’ Esne Beltzaren azken lanaren azala Javier Bergasa artista madrildarraren obra da.
‘Ni’ Esne Beltzaren azken lanaren azala Javier Bergasa artista madrildarraren obra da.

Azaroaren 29an kaleratuko du Esne Beltza taldeak ‘Ni’ disko berria eta irudian ikusgai dagoena izango du azala. Esne Beltzak NAIZi eman dio primizian Javier Bergasa artista madrildarrak marraztu duen azala. Elementu ugari jaso ditu azalean Madrileko artista garaikide honek, diskoan zehar azaltzen diren sentimenduei leku eginez.

Xabi Solano, Zigor Lanpre (DZ), Aitor Zabaleta, Iban Zugarramurdi, Peio Gorrotxategi, Markos Esteban (Pini), Jon Elizalde, Javier Perez eta Ion Mari Beasain musikariek osatzen dute Esne Betza taldea eta hamar abesti ondu dituzte taldearen estudioko zazpigarren lanerako.

Lanaren izenburuak norberak dituen bizipenak, sentipenak, barruko borrokak eta kanpokoak, hartu nahi ditu bere baitan, Esne Beltzak zehaztu bezala. «Gizarte baztertzaile batean bizirauteko ahaleginak eta lorpenak lehenengo lerroan jartzeko bozgorailua izatea» du helburu gainera disko honek.

2018. urtean zehar Atomic Studio, Aieka eta Haritz Harreguy estudioetan grabatu dituzte diskoa osatzen duten hamar abestiak. Lan honetarako, gainera, Marc Dasousa ekoizle valentziarraren laguntza paregabea izan dute musikariek. Dasousaren arrastoa lehengo abestitik antzeman daiteke.

Esne Beltza taldearen estudioko zazpigarren lana zuzenean ikusteko parada izango da Durangoko Azokaren baitan, izan ere abenduaren 6an aurkezpen kontzertua izango da Plateruenan. Kontzertu honetarako sarrerak erosteko aukera hemen.

‘Ni’ disko berriaz gozatzeko hurrengo ostegunera arte egon beharko dugu zain, baina itxaronaldia gozatzeko ‘Argitzeraino' eta Pupil-les taldearen laguntzaz egindako aurrerapen kanta hemen duzu entzun eta ikusgai.