M. DÍAZ - N. GOTI
IRUÑEA - BILBO

Justizia patriarkalaren aurka eta autodefentsa feministaren alde, milaka lagun atera dira kalera

Mugimendu feministak deituta, indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioak egin dituzte euskal hiriburuetan. Justizia patriarkalaren aurkako eta autodefentsa feministaren aldeko oihuak nagusi izan dira mobilizazioetan. Hauez gain, herri eta erakundeetan ere elkarretaratzeak egin dituzte.

Biolentzia matxistaren aurkako kartelak eskuan, Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Biolentzia matxistaren aurkako kartelak eskuan, Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Iruñeko manifestazioak hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu ditu, Gaztelu plazatik abiatuta bertan amaitzeko bueltan. ‘Game over. Indarkeria sexistari kitto’ leloa zeraman pankarta batek zabaldu du martxa eta ibilbidean zehar justizia heteropatriarkalaren aurkako eta borroka feministaren aldeko oihuak entzun dira, baita eskuin politikoak eta mediatikoak begitan hartu duen Skolae programaren aldekoak ere.

Gaztelu plazako kioskoan egin dute martxa amaierako ekitaldia, eta bertan Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz hil ziren emakumeen zerrenda irakurri dute. «Nazkatuta gaude. Honaino iritsi gara», aldarrikatu dute.

Zentzu horretan, salatu dute «justizia patriarkalak» eta «epaile matxistek» zalantzak jartzen dituztela emakumeen esanak. Horrek, antolatzaileen esanetan, agerian uzten du protokoloak aplikatu behar dituzten horien artean dagoen formakuntza falta, «paperean geratzen dena».

Era berean, nabarmendu dute sistema kapitalistak emakumeen aurkako diskriminazioa babesten duela, publizitateak gauza bihurtzen dituela eta erlijioek euren bizitzak zuzendu asmo dituztela.

Argazkia soilik bilatzen duten erakundeen papera ere kritikatu dute, «aurpegi garbitze hutsa» delakoan, eta gogor salatu dituzte onartu baino ondoren aurrekontu faltagatik aplikatzen ez diren legeak.

Horregatik guztiagatik, antolakuntza eta autodefentsa feministara deitu dute. «Game over. Patriarkatuaren jokoa amaitu da».

Ia hamar mila Bilbon

Bilbon, berriz, ia hamar mila lagunek hartu dute parte Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako manifestazio indartsu batean, anitza parte hartzaileen perfilari dagokionez eta irmoa, lelo ezberdinak entzunarazi dituena.

Bihotz Sakratuaren plazatik abiatuta, ibilbide osoan zehar ehunka lagun gehitu dira mobilizaziora, zeina udaletxe aurrean amaitu den. «Erasorik ez erantzunik gabe», edota «kaleak, gauak, geureak dira» bezalako leloak indarrez errepikatu dira manifestazio osoan zehar, danbor hotsek lagunduta.

Era berean, justizia espainolaren aurkako lelo ugari entzun da, batez ere martxa Buenas Aires kaleko epaitegien aurretik pasa denean; «justizia hau kaka bat da» bezalako leloak entzun dira bertan.

Bukaeran irakurri duten mezuan azpimarratu dutenez, «sistema patriarkal kapitalista eta kolonialistak indarkeria mota ezberdinak erabili behar ditu irauteko: genero, arraza, etnia, gizarte klase, aniztasun funtzionala, joera sexuala, erlijioa, adina, naziotasuna, ikasketa maila edo bestelako arrazoiak direla eta sortutakoak».

Argi utzi dute, era berean, indarkeria horien guztien aurrean ez dituztela onartuko «kalaka hutsak, itxurazko adierazpenak ezta ezertarako balio ez duten minutuko isiluneak. Isilune minutu gutxiago –jarraitu dute– eta baliabide gehiago».

«Eraso sexistak eta indarkeria patriarkala jasotzen duten adin txikikoenganako babez eza» ere salatu dute, baita etxeko langileen lan-baldintzak ere.

Nabarmendu dutenez, indarkeriaz jositako sistema baten aurrean «ezinbestekoa zaigu gure artean antolatu eta aliantzak sortzea erasoei aurre egiteko, sareak ehunduz, bat bera ere erantzunik gabe utzi barik; gure elkartasun osoa adieraziz gutako batek eraso bat pairatzen duen guztietan».

Baita Baiona, Donostia eta Gasteizen ere

Bestalde, Baiona, Donostia eta Gasteizen ere egin dira mobilizazioak. Lapurdiko hiriburuan, esaterako, 50 lagunen bat elkartu dira. Udaletxearen aurrean elkartu dira eta bertan ere justizia patriarkala kritikatu eta autodefentsa feministarako deia egin dute.