NAIZ
DONOSTIA

Adimen artifizialarekin garatutako ‘Modela’ itzultzaile automatiko «iraultzailea» aurkeztu dute

Azken belaunaldiko teknologia adimendunean oinarrituta, «orain arteko euskarazko itzultzaile automatikorik onena» aurkeztu dute, ‘Modela’.

‘Modela’ itzultzaile automatiko «iraultzailearen» aurkezpena, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Modela’ itzultzaile automatiko «iraultzailearen» aurkezpena, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskarararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko «sitemarik onena» eskura daukate dagoeneko erabiltzaileek. 

Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu duten Modela itzultzailea «azkenaldian boladan dagoen adimen artifizialeko teknikarik berritzaileenean oinarrituta» garatu dute: Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa (NMT, Neural Machine Translation).

«Orain arte hizkuntza nagusien arteko itzulpen sistemetan erabili den teknika aurreratu hori euskarazko testuekin ere aplikatzeko modua aurkitu dugu», adierazi dute Itziar Cortesek eta Igor Ellakuriak, Elhuyarreko eta MondragonLinguako Itzulpengintzarako Teknologien eta Modelren arduradunek.

Itzulpen automatikoa oraindik «erronka teknologiko handia» den arren, munduan aurrerapen garrantzitsuak egiten ari direla azaldu dute eta, zentzu horretan, «euskarak mundu eleaniztunean tokia egitea» lortu duela nabarmendu dute, «jauzi kualitatibo handia» eginez.

Orain arteko itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek; aldiz, sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, gainditu egin da muga hori, eta euskararen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.

«Euskararen kasuan, inoiz ikusi ez diren kalitateko itzulpenak eskaintzen ditu ‘Modela’k. Lehen aldiz, euskarazko itzultzaile automatiko baten erabilera praktikorako ateak ireki zaizkigu», gaineratu dute arduradunek. 

Tresna berri hau, esan dutenez, ez dator itzultzaile profesionalak ordezkatzera, euskarazko eduki gehiago sortzen laguntzera baizik: «Euskaraz bizi nahi duten pertsona eta erakundeetan ere eragin handia izango du; itzulpenen kalitateari esker, eguneroko komunikazioa (enpresen barne-komunikazioa, blogak, etab.) euskara hutsean bideratu ahal izango da».

Horrez gain, ‘Modela’ lagungarri izango da hizkuntza-teknologien garapenerako eta aplikazio berriak sortzeko, hala nola laguntzaile birtualak, testuen analisia... Aplikazio horiek eragin handia izango dute, besteak beste, osasunaren, administrazio publikoaren, fabrikazio aurreratuaren eta ikus-entzunezkoen sektoreetan.