NAIZ

EH Bildu Barakaldok Trueba institutuko eraispenaren inguruko informazioa jasotzea eskatu du


Hamar urte baino gehiagoko zalantzen ostean, beste behin ere Trueba institutuko hezkuntza komunitateak bere egunerokotasuna aztoratua izango duela salatu du EH Bilduk, «eta oraingoan gainera, luzerako».

Koalizioarentzako, plangintza ezak agerian utzi du Barakaldok gaur egun hezkuntza arloan duen egoera larria. Horregatik, Oihane Gisasola EH Bilduren zinegotziak azpimarratu du «mahai partizipatibo eta anitza martxan jarri» behar dela «gure herriko hezkuntza beharrak asetzeko eskola mapa bat lantzeko». Izan ere, Gisasolaren hitzetan: «Barakaldon hezkuntzari buruz aritzen den bakoitzean, zoritxarrez, beti eraikuntza lanez aritzen gara.

Zinegotziak uste du arazo honi irtenbide arina eman ezean, beste ikasturte batean behartuko dela «ikasleria, irakasleria eta pertsonal administratiboa leku batetik bestera mugitzera, honek ekartzen duen eragozpen guztiekin». Halaber, Gisasolak salatu du hamarkada pasa dela institutuak zituen gune eta zerbitzuen beharrizanak betetzeko azpiegituraren handitzea onartu zenetik, «baina lan horiek ez ziren inoiz egin».

«Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria eta gaitasunik eza nabaria izan da gai honetan, duela hamar urte baino gehiago onartutako lanak ez gauzatuz. Lan horiek gainera, ez ziren hezkuntza komunitatearekin adostu», adierazi du Gisasolak.

Trueba instituko eraikina eraisten den bitartean, ikasleria eta irakasleria Bilboko Pagasarribidean dagoen Artatzu Goikora lekualdatua izango da. «Hilabete batzuetarako baino ez. Hori da eman duten informazio bakarra» adierazu du Gisasolak. EH Bilduren ustez, «erabaki honek eta Eusko Jaurlaritzaren gaitasun ezak aurretik jada utzita eta txarto tratatua zegoen Truebako hezkuntza komunitateari min handia egingo dio».

EH Bilduk adierazi duenez, institutuak Barakaldoko Giltzarri, Prebentzioa, eta beste hainbat erakunde eta entitateekin elkarlanean zituen hainbat proiektu eta programak bertan behera geratuko dira momentuz, «eta ez dago horren inguruko inolako informaziorik». «Eta hau guztia Barakaldoko hainbat udal gobernuak lekuko isilak izan diren bitartean», salatu dute.