NAIZ
BILBO

Jon Enbeitak jantziko dio txapela larunbatean 2018ko Bizkaiko bertsolari txapeldunari

Jon Enbeita bertsolariak jantziko dio txapela 2018ko Bizkaiko bertsolari txapeldunari. Finala larunbatean izango da, Bilbao Arena pabiloian, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Enbeitaren ibilbidea saritu nahi izan du.

Jon Enbeita, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Jon Enbeita, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Jon Enbeita muxikarrak jantziko dio txapela aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari. Heldu den larunbatean jokatuko da finala Bilbon, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo eta Aitor Bizkarra ariko dira aurrez aurre.

Enbeita aukeratuta, bere ibilbidea saritu nahi izan du Bertsozale Elkarteak. 1950ean jaio zen Jon Enbeita, Muxikan. Hiru urterekin aita Balendin Enbeitak zuzendutako antzerki baten kopla bat kantatu zuen lehenengoz eta han hasi zuen ibilbide oparoa: bost bider kantatu du Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalean (1980 –bigarren egin zuen–, 1982, 1986, 1989 eta 1993an); beste bost aldiz izan da Bizkaiko finalean eta horietatik birritan izan da Araba-Bizkaiko txapeldun (1987, 1990 –txapeldun–, 1992 –txapeldun–, 1994 eta 1996an). Bertso idatzietan ere sari ugari jaso ditu.

Musikaren munduan ere ibilbide oparoa izan du bere gitarra eskuetan. Horrela, 17-18 urterekin hasi zen bere kontura gitarra ikasten, eta Euskal Herri osoan ibili da bakarlari moduan. Hainbat disko ere grabatu ditu, haietako azkena iaz.

Larunbatean Bilbao Arenako oholtzara igoko da, txapeldunari txapela janztera.