naiz
Bilbo

Dena prest larunbateko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako

Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo 'Abarkas’, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia arituko dira larunbatean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. «Gogoz eta talde sentsazioaz» azaldu dira prentsaurrekoan.

Larunbatean ariko diren finalistek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Larunbatean ariko diren finalistek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Gaur goizean eskaini dute prentsaurrekoa Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistek Bilbao Arenan, larunbatean jokatuko den finalaren harira. Bertan izan dira Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo 'Abarkas’, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia finalistak. Euren alboan izan dira Jon Enbeita txapela ipiniko duena eta Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakaria. «Gogoz eta talde sentsazioaz» azaldu dira prentsaurrekoan 2018ko finalistak.

Finalean Idoia Anzorandia eta Maite Berriozabal ariko dira gai-jartzaile lanetan. Epaileak, ostera, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izanen dira eta idazkari lanetan Itziar Basterretxea arituko da.

Ibaibarriagak talde teknikoen lana eskertu nahi izan du: «Eskerrik asko beharrean aritu diren guztiei: bertsolariei, talde antolatzaileko kideei, komunikazio taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekeelako Txapelketarik egin».

Sarrerak dagoeneko eskuragai daude esteka honen bitartez eta larunbatean, txarteldegian bertan, 12:30etatik aurrera.