NAIZ
BAIONA

Macron ez da bihar Biarritzen egongo eta Le Drian ministroak ordezkatuko du Gobernua

Emmanuel Macron presidente frantsesak bertan behera utzi du bihar Biarritzera egitekoa zuen bilera. Jean-Yves Le Drian Kanpo Harremanetarako eta Europarako ministroak ordezkatuko du Gobernua G7 taldearen 2019ko udako goi-bilera prestatzeko egingo duten bilkuran.

Emmanuel Macron presidente frantsesa ez da azkenean Biarritzen izanen. (Aris OIKONOMOU/AFP)
Emmanuel Macron presidente frantsesa ez da azkenean Biarritzen izanen. (Aris OIKONOMOU/AFP)

Goizean goizetik entzun diren zurrumurruak baieztatu ditu Pirinio Atlantikoetako Prefekturak eta konfirmatu du Macronek bertan behera utzi duela Biarritzera egitekoa zuen bidaia, Kazetak eta Mediabaskek jaso dutenez. 

«Txaleko horien» krisiari aurre egiteko bere Gobernuko ministroekin bilera egingo du Eliseoan eta hainbat eragilerekin ere bilduko da Macron.

Hala ere, honek ez du esan nahi heldu den urtean G7 taldeak Biarritzen egingo duen goi-bilera prestatzeko bilkura bertan behera geratu denik. Kanpo Arazoetarako eta Europarako ministro Jean-Yves Le Drianek eta Europako aferez arduratzen den Nathalie Loiseauk ordezkatuko dute Gobernua. 

150 enbaxadore espero dituzte prestakuntza bilera honetan. 

Hitzordu honen karietara, G7 Ez! Euskal Herriko plataformak mobilizazioa deitu du. 12.30ean Clemenceau plazan biltzeko deia egin dute.

LAB sindikatuak jakinarazi zuenez, greba orokorra egiteko proposamena luzatu zien Ipar Euskal Herriko gainerako sindikatuei, baina ezezko erantzuna jaso zuen. Arestian aipatutako deialdiarekin bat egin du sindikatu abertzaleak.

Segurtasun neurriak

Bihar Biarritzen egitekoa den bilkuraren harira, «ohiko» segurtasun neurriak hartuko direla ohartarazi zuen Herve Jonathan suprefetak.

Trafikoa mugatu egingo da eta Poliziak hainbat kontrol ezarriko ditu.

Suprefetak esan zuen protestak ez direla debekatuko, betiere aurrez prefeturan haien berri eman bada.