NAIZ
BILBO

Zinegoak jaialdiaren 16. edizioak «jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa» ekarriko du

Zinegoak Bilboko LGTBI Zine eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 16. edizioa 2019ko otsailaren 18tik martxoaren 3ra bitartean ospatuko da, eta «jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa» ekarriko du, jarduerei, lantaldeari eta Zinegoak Elkarteak jasotzen dituen babesei dagokienez. 

Zinegoak jaialdiaren 15. edizioaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Zinegoak jaialdiaren 15. edizioaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bi hilabeteren faltan, edizio berriko egitarauaren prestaketan «bete-betean» sartuta dago Zinegoak jaialdiaren antolakuntza.

«Aurten, zinea ikuskatzen duen lantaldea handitu egingo da, bederatzi kideraino. Asmoa da erosoago lan egitea eta materiala banatzea, gero eta lan gehiago jasotzen baititugu. Aurten 500 lan inguru heldu dira, film laburrak, film luzeak, fikziozkoak eta dokumentalak, eta proposamen eszenikoak zenbatuta», azaldu du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak.

Gorakada hori gero eta sendoagoak diren bi sailetan nabarituko da gehien: Arte Eszenikoak, non aurreikuspenen arabera sei ikuskizun egongo diren, eta OFF-Narratiba Berriak saila, guztietatik abangoardistena.

Aldaketak egin arren, emanaldien egitura bere horretan geratuko da, hau da, lehenengo astean fikzioa izango da protagonista, Bilborock aretoan, Golem zinema aretoan eta Bilbao Arte fundazioaren ArtHouse Cinema aretoan, eta bigarren astean, aldiz, dokumentalak eta bigarren emanaldiak –Bilborock aretoan nagusiki– eta bestelako jarduera osagarriak.

Bi aste ofizial horiez gain, beste bi jarduera nabarmendu ditu antolakuntzak. Alde batetik, ‘3,2,1... Zinegoak!’ otsailaren 14an hasiko da Guggenheim museoan egingo den emanaldi berezi batekin; beste erakunde, kolektibo eta elkarterekin batera antolatzen den jarduera sorta da. Beste alde batetik, jaialdiaren ondorengo asteetan Berdindu elkartearen laguntzarekin egiten den Zinegoak Hedapena dago; dirudienez aurten herri gehiagok hartuko dute parte, eta Euskal Herriko 40 udalerri baino gehiagotara bidaiatuko dute jaialdiko lanek.

Antolakuntzaren arabera, lantaldea eta jarduera zein udalerri kopurua handitu badira, «edizioz edizioz erakundeen babesa ere handitzen doalako da». «Lantaldeak egiten duen lan zehatza eta profesionala aintzat hartzen dela erakusten du horrek», zehaztu du Pedro Andrade jaialdiko ekoizleak.

Aurki ezagutuko da jaialdiaren 37. edizioko irudi ofiziala. Generoaren adierazpena irudikatuko du, sexu aniztasunaren alderdi bat izan arren, jendartearen zati handi batek oraindik ez duelako erabat barneratu.