A fondo
Kontsumo arduratsua

Duela egun batzuk, EHNE sindikatuko hainbat kidek Estatu frantsesetik arkumez beteta zetorren kamioi bat geldiarazi zuten Auritzen. Helburua, administrazioei exijitzea bertako produktuen alde egin dezaten, eta bertako ekoizleen egoera gero eta larriagoa salatzea, kanpoko arkumea oso merke eskaintzen baita. Arazo asko ari zaizkie pilatzen euskal artzain eta baserritarrei, sektorea oso kezkatuta dago, eta horren guztiaren berri eman dio NAIZi Aritz Ganboa ekoizle nafarrak.

Gotzon ARANBURU|ARRUATZU|24/12/2018 10:15
Aritz-ganboa
Aritz Ganboa, bere artaldearekin. (Gotzon ARANBURU)

Gabon garaia da, eta gure gizartean horrek kontsumo garaia esan nahi du gaur egun. Jakiei dagokienez, arkumea da jai egunotan gehien erosten den produktuetako bat: sasoi honetan urte osoko arkume haragiaren %35 kontsumitzen dugu. Egunotan 250.000 arkume bizi sartzen dira Estatu espainiarrean, gehienbat Estatu frantsesean sortuak eta handik ekarriak, baina baita Europako beste herrialde batzuetatik eta are Zeelanda Berritik ere. Eta urrutitik ekarrita ere, oso prezio baxuan eskuratzen dituzte arkume horiek elikagai enpresa handiek eta banatzailek. Jakina, horrek erabat baldintzatzen du bertako arkumearen prezioa, eta bertako ekoizleek konpetitu ezinda geratzen dira. 

Ez hori bakarrik. Bizirik iritsi den arkume hori hemengo hiltegietatik kontsumorako haragi bihurtuta ateratzen denean, bertako sor marken baitan ekoiztutakoa dela pentsatzen du sarri kontsumitzaileak, ez baitu produktu horren etiketak garbi adierazten jatorria. Salneurria eta jatorria, bi arazo EHNEko kideek Auritzeko kamioiaren aurrean zabaldu zuten pankartaren leloan laburtuta, «Precios justos, erosi bertako arkumea».

Sakanako Arruatzu herrian daukagu hitzordua Aritz Ganboa artzainarekin. Gaztea da, bere bi lankideak bezala, baina dagoeneko eskarmentu sobera dauka eta euskal abeltzain eta nekazal sektorea gero eta kinka larriagoan jartzen ari den egoera orokorra ondo ezagutzen du. Egunotan, ia lorik egin gabe bizi da, artaldean etengabea gertatzen direlako erditzeak, eta bertan egon beharra dutelako laguntzen hiru lankideek, eguna izan edo gaua izan. Baina bere lana ez da mugatzen, eta hala izan behar luke, ardiak zaintzera, arkumeak saltzera eta gazta egitera, artzain arrunt izatera alegia; EHNE sindikatuko beste kide guztiek bezalaxe, etengabe gizarte honi eta administrazioei sektorearen egoeraren larriaz ohartarazi beharra sentitzen du, bertako nekazaritza aldarrikatu beharra, arazoak non eta nork sortzen dituen salatu beharra, eta elikadura burujabetzarik gabe bestelako burujabetzarik ere ez dagoela ozen esan beharra. 

Iruzurraren ondorioak

«Urte sasoi honetan nekazari eta abeltzainok ikusten dugu nola gure produktuak hutsaren hurrengo prezioan ateratzen direla merkatura eta egoera hau jasanezina dela. Iruzurra egiten ari da gure kontsumo kate osoan, jakia gure platerera iritsi bitarteko kate luze horretan, eta iruzur horrek ondorio tamalgarriak ditu gure ustiategientzako» diosku Aritzek.

Lehendabiziko iruzurra produktuen jatorrian dago. «Ahoa betetzen zaigu ‘elikadura burujabetza’ bezalako aldarrikapenekin, bai gizarteko maila guztietan eta bai instituzioetan, baina errealitatean bertako produktuek ez dute bertako plateretarako bidea behar bezala egiten. Esate baterako, argi eta garbi esan beharra daukagu etiketatuan iruzurra egiten ari dela. Askotan ez dago jakiterik benetan nongoa den dendan topatu dugun jaki hori. Gabon garai honetan iritsiko diren 250.000 arkume horietako asko Herbehereetatik, Danimarkatik, Estatu frantziarretik… dakartzate, bizirik, hemengo hiltegietan hiltzeko. Eta hala, etiketan jarriko du bertan hila dela. Are gehiago, arkume erdia erosiz gero, produktu horren trazabilitatearen zati bat galdua da».

Beste hainbeste gertatzen ari da eztiarekin: etiketatua dela eta, arazoak kontsumitzaileak jakin dezan benetan bere hurbileko eztigileek ekoiztua den edo batek daki nondik inportatutakoa eta nola ekoiztua. 

Ekoizpen eredua eta prezioa

Bigarren arazoa da arkume horiek zer ekoizpen eredutik datozen. Esne sektoreari lotutako eredu industrialeko ustiategietan ekoitzitakoak dira. «Bertako lan baldintzak benetan tamalgarriak dira, eta prezio baxu horiekin errotu egiten dugu egoera hori. Alegia, erabat insolidarioak bihurtzen gara beste baserritar batzuekin, beste langile batzuekin, baina batez ere geure baserritarrekin» dio Aritzek. 

Jatorritik eta ekoizte eredutik abiatuta, prezioaren arazora iritsiko gara. Izan ere, arkumeen kasuan, Europako eta munduko toki askotan «bigarren produktu» baino ez dira ekoizleentzat, esnea eta gazta izanik «lehen produktua». Arkumea ez da horientzat produktu zaindu eta preziatua, baizik eta ardiaren esnea kontsumituko dien animalia, begi bistan ikusi nahi ez dutena esne kontsumitzailea, eta horregatik hutsaren truke kentzeko prest daudena. Ondorioa? Bertako arkumearen prezioa hondoratzea, eragin suntsitzailea, gure baserritarrek ezin baitute kanpoko oparizko prezio horiekin konpetitu. Begi bistakoa da ekoizpen gastuek gora nola egin duten ikusita ezin dela arkumea duela hogei urteko prezioan saldu; bada horixe da gertatzen ari dena, maleruski.

Kontsumo kritikoa

Kontsumo kritikoa egin dezan eskatzen dio abeltzain eta nekazari sektoreak gizarteari. Izan ere, elikagai kontsumoa ez da sabela betetzea soilik. Askoz harantzagoko inplikazioak dauzka. EHNEren bozeramaile ari dela, Aritzek dio «gure baserriak eta gure herriak bizirik irautea nahi badugu, eta gure landa eremua eta ekosistema mantendu nahi badugu, kultur transmisioa bermatu nahi badugu, gure ondarean oinarritutako elikadura sistema eraiki nahi badugu, egungo egoerari aurre egin beharrean gaude, planto esan beharrean. Oraingoz ekintza sinboliko bat egin dugu, Auritzeko kamioiaren, baina geure burua behartua ikusten dugu ekintza mota honekin gero eta harantzago joateko. Ez da baserritarron arazoa soilik, euskal gizarte osoarena baizik, elikagai burujabetzarik gabe bestelako burujabetzarik ez dago eta».

Prezioen gaiari helduta, sistema kapitalistan bizi garen arren eta suposatzen den arren eskaintza-eskaera ekuazioak ezartzen dituela salneurriak, esan behar da elikagaiei dagokionez ez dela horrela. Enpresa gutxi batzuk dira, arlo honetan ia monopolioa daukatenak –gure eguneroko elikaduraren hamarretik bederatzi beren eskuetatik pasatzen baita– hipermerkatu kateen eta banaketa kateen jabeak alegia, lobby agro-industrialak. Erosketa masiboekin, horiek dira nork zer eta zer preziotan ekoiztu behar duen erabakitzen dutenak praktikan. Horiek, erosleak; beste aldean, elikagaiak eredu industrial intentsiboan ekoizten dituzten saltzaileak, ustiaketa praktika suntsitzaileak bi aldiz pentsatu gabe erabiliz. «Besteak beste, ekoizpen intentsibo eredu horretan erabiltzen diren botiketaz hitz egin behar da. Hona iristen ari diren arkume asko medikatuak izan dira, eta ustiategi horietan erabiltzen diren metodo zenbait gutxienez susmagarriak dira, giza osasunari dagokionez» diosku Aritzek. 

Bitartean, euskal baserritarrek, eta baita gure ingurukoek eta are Europako asko eta askok ere, sail txikiak eta abere kopuru murritza dutenez, ezin dute inondik inora ekoizle industrial horien prezioetan ekoitzi. Eta ondorioz jokoz kanpo geratzen dira, lana gogor egin arren bizimodua atera ezinda. Arrisku hori gero eta handiagoa da Euskal Herrian, eta gizarteak eta administrazioek kontsumo arduratsuaren aldeko apustu garbia egiten ez badute, berehala ikus dezakegu gure landa eremua elikagaien multinazional horiek ustiatua, eta gure artzain, nekazari eta abeltzainak multinazional horien ekoizpen kateko pieza soil bihurtuta.

Garbi esanda, gaur egun arkume bat elikatzeak eta zaintzeak baserritarrari suposatzen dien gastua ia eramanezina da gero arkume horregatik zer prezio eskaintzen dioten ikusita. Zerk salbatzen du ekoizlea? Esneak. Baina esnearen eta gaztaren bidetik soilik jotzen badute, monokultiboaren bidean jartzen dute euskal ardi abeltzaintza, eta orduan eta eremu gehiago geratuko dira elikaduraren lobby horien eskuetan, dela esnegintzan, dela haragigintzan edo dela barazkigintzan. Agur, beraz, elikadura burujabetzaren helburuari. 

300.000 ardi gutxiago

Datuak hor daude, ikusi nahi dituenarentzat. Duela hamabost urte baino 300.000 ardi gutxiago dago Nafarroan, latxa eta rasa motatakoak. Garbi dago, beraz, merkatuaren saturazioa ez dutela bertako artaldeek eragiten. Eta ardi gutxiago egonda, eta beraz arkume gutxiago, ulergaitza gertatzen da nola ez den arkumearen prezioa igotzen. Lobby agro-industrial horien eragina da hau guztia neurri handi batean bederen azaltzen duena. Arkumearekin egiten ari den espekulazioa bereziki «rasa navarra» motako artaldeak dituzten artzainek pairatzen dute, arraza hau haragitara bideratutakoa delako, eta berez esne-gazta salmentaren faktorearekin ezin dutelako kontatu.

«Administrazioari exijitzen diogu estrategikoa den sektore honen aldeko apustu argia egin dezala behingoz. Arautze garbiak behar ditugu, etiketatu argia, iruzurra ekiditeko arau irmoak. Eta kontsumitzaileari dei egiten diogu ardura erakutsi dezan erosketak egitekoan, gure lurrak emandakoa kontsumitu dezan. EHNEtik eta sektoretik etengabe ari gara proposamenak egiten, pausu praktikoak ematen, adibidez Bizilur egitasmoa, azoka gardenak antolatzen dituena, etiketatu argiarekin. Eta are gehiago, hor saltzen ari den gizon edo emakume hori da salgai daukana ekoiztu duena. Kontsumitzaileak bertako produktua eskuratuko du, osasuntsua, baratzetik edo ukuilutik ekarri berria, eta baloratu behar luke horrek guri, ekoizle txikioi, suposatzen digun esfortzu itzela. Gure ekoizpen lanaz gain, produktuak hartu eta hiriko bezeroari bertatik bertara eskaintzeko esfortzua egiten ari gara. Eta ez dugu ikusten behar adinako erantzuna jasotzen dugunik, konpromiso handiagoa behar dugu. Hiriaren eta lehen sektorearen arteko zubiak eraiki eta mantendu beharra dauzkagu, denok gara eta gizartearen parte».

EHNEk salmenta zuzeneko legea malgutzea eskatzen du, «ekoizleontzat komertzializatzeko bide naturalena delako. Salmenta bide motzak, enpresa handi horien boterea kolokan jartzeko aukera eskaintzeaz gain, ekonomia zirkularra sortzen dute, ingurunean onura sortuz». Masan ekoizten ariko balira eta 14.000 kilometrora bidaltzeko helburuz ariko balira bezala jartzen zaizkie araudiak gure baserritarrei, hau da, agro-industria balira bezala, eta hori zeharo errealitatetik kanpo dago eta erabat zailtzen die biziraupena bermatzea. Agro-industriak ez bezala, gure nekazari eta abeltzainek etxetik gertu saldu nahi dute, benetako ‘0 kilometroa’ praktikatu, benetako elikadura burujabetza iritsi… baina horretarako gizarte hau eta Administrazioa jabetu egin behar dira baserritarren lan baldintzaz, ezagutu egin behar dute abeltzaintzaren eta nekazaritzaren errealitatea, errealitate gogorra inondik inora, eta lagundu, Gabonetan eta urte osoan bertako produktuak kontsumituz, eta haien lanari merezi duen errespetua erakutsiz, horixe baita alde guztiei onura ekartzeko bide bakarra.

Una nueva aportación llega de la mano de la licenciada en Ciencias de la Información, Concha Aretxaga, en la que defiende el carácter público de EiTB como garantía de información veraz y contenidos de calidad. No obstante, también plantea cambios relacionados con la gobernanza del ente público.

UNA EiTB EN LA QUE QUEPAMOS TODAS Y TODOS
Concha ARETXAGA