Ion T. BARRENA

Euskarazko apustu berritua, transmedia eta lankidetza oinarri hartuta

Sortzear da euskarazko irrati berri bat eta ez da ezerezetik jaioko, Info7ren esperientzia akumulatua dakar eta baita NAIZen baitan modu batera edo bestera elkarlanean jardun dutenen sinergiak baliatzeko eredu berri bat ere. Komunikabideen errealitate berriari nazio ikuspegiz, anbizioz eta begirada luzez begiratu nahi dion transmedia eredu berritua.

Mediabask, Kazeta, GARA eta NAIZeko kazetariak Info7 irratiaren agur festan. (Irantzu Pastor / Info7)
Mediabask, Kazeta, GARA eta NAIZeko kazetariak Info7 irratiaren agur festan. (Irantzu Pastor / Info7)

Internetek hankaz gora jarri du komunikabideen jardute modua. Datorren urtean espero da, adibidez, interneteko hedabideek ohiko telebistak gaindituko dituztela audientzia mailetan. Aukerak ere sortu ditu, beraz, lehen txiki zenak askoz ere baliabide ekonomiko eta babes politiko handiagoak dituztenekin parez pare lehiatzeko. Hipotekek hor diraute, berezkoek (baliabide eskasiak, eredu aldaketa...) eta ezarritakoak (GARAren kasuan, adibidez, egozten zaion 'Egin'-en zorra). Hala ere, umiltasunez esan behar dela azpimarratu arren, «erresistentziatik garapenera igarotzeko aukera paregabea» dutela uste du Iñaki Soto GARAko zuzendariak.

GARA, NAIZ, Gaur8, Hamaika Telebista, Mediabask, Kazeta eta Aztibegia (Info7ren sustatzailea) garatzen ari diren hausnarketak elkarbanatzeko Donostian pasa den astean egin zuten bileran bota zuen etorkizunari anbizioz begiratzen dion esaldia. NAIZen baitan modu batera edo bestera elkarlanean ari diren markak dira guztiak ere, erredakzio lana nola optimizatu ari dira hausnartzen bakoitza berean, eta bereziki euskara hutsez garatzen dituzten proiektuetan sinergiak baliatzeko aukeraz. Erronka handia da eta hausnarketa komunean jartzeko ariketa izan da.

Transmedia, crossmedia, 360, cluster eta sinergia terminoak aipatu zituzten, besteak beste, «jende bera gauza asko egiten aritzetik denen artean gauza ezberdinak egiteko gai izatera» igarotzea da helburua, Sotoren hitzetan. Albiste den istorioaren eraikuntza prozesua partekatuz, «internet abiapuntuan jarrita», Iñaki Altunak (NAIZ) gehitu zuenez.


Pasa den asteko bilerako une bat. GARA, NAIZ, Kazeta, Mediabask, Aztibegia eta Hamaika Telebistako ordezkari eta kazetariak izan ziren norberak egindako hausnarketaren berri eman eta elkarbanatzen. (Jon URBE / FOKU)

«Lehen ere baliatu dugu lankidetza hori Info7ren kasuan, orain proba pilotu horiek sistematizatzea da helburua», Maite Bidarteren (Info7-Aztibegia) esanetan. «Jauzi garrantzitsuak» emateko garaia dela uste du Iraia Oiarzabalek (GARA), «gure komunitateari eskaini nahi dioguna eskaini ahal izateko». Goizeder Tabernaren (Mediabask-Kazeta.eus) hitzetan «segur dena da internetek ematen dituela aukera asko euskarri ezberdinetan aritzeko» eta lankidetzarekin «gainditzen ahal ditugula baliabide eskasien traba eta aberasten ahal dugula gure edukia bai mamiz eta bai formaz».

Konfluentziaz ari dira denak ere, erredakzioko lana elkarbanatzeaz, modu kooperatiboan sortzeaz, digitalizazioaren erronkari indarrez eusteaz, berrikuntzaz, internetez, ikus-entzunekoaz, hizkuntzen kudeaketa eta eredua eguneratzeaz eta euskararen esparruan apustu egiteaz.

Irrati berria

Kuantitatiboki jauzia Info7 irratiaren itxieraren ostean sortzear den euskara hutsezko irrati berriak ekarriko du. Beste batzuekin batera Aztibegiak sustatu zuen EIZ da lizentzia horiek eskuratu dituena. Honen izenean Xabi Abasolok azaldu zuen irrati berriak duen anbizioa FMn ere lekua egin eta beste irratiekin parez pare aritzeko.

Horretarako irrati berria ezin da soilik irratia izan, bere esanetan, «zaila da irrati batek gorputza, tamaina, hartzea soilik irratia eginda». Horregatik «hagitz interesgarria» da Maite Bidarteren ustez istorio berbera euskarri eta era anitzetan garatzeko ideia hori, «horrenbeste eduki izatera ohituta gauden neurrian antzua da gai baten bueltan soilik irakurtzea, ikusi ere egin nahi duzu irakurri duzun hori, eta entzun... batzuetan kafe batekin lasai irakurtzeko moduan zaudelako, baina beste batzuetan trenean zoazela jaso nahi duzu, bestetan bost minututan izan nahi duzu istorio hori eskura...».

Argi luzeak jarrita, nazio ikuspegia ardatz, etengabe haziz joatea nahi luketen lankidetza eredu irekia dute buruan eta erreferentzia indartsu bat sortzea helburu. Horregatik, Abasolok dagoeneko elkarrekin aritu direnez gain, bestelako bidaideak batzeko aukera eta erabakia dituztela nabarmendu zuen; komunikabideen eremutik harago euskara, kultura eta gizarte eremuko aktoreei ere anbizio handiko erronka honetan modu batera edo bestera ekarpena egiteko aukerak eta bideak sortuz.

«Klik» bat hizkuntza ereduan eta mamia ardatz

Irrati berriak zuzeneko eragina izango du hedabideen esparruan dagoen euskarazko eskaintzan eta baita transmedia topagune hori elkarbanatuko dutenengan ere; kuantitatiboa irratiak sortuko duen edukiari loturik eta kualitatiboa ere bai har dezakeen pisuagatik. «Klik» bat eragingo duela uste du Iñaki Sotok. Hainbat inertzia aldatzeko aukera eskainiko duelako, adibidez, eta irrati berritik edo bertarako sortuko diren istorioek zuzeneko eragina izango duelako elkarlanean ari direnengan.

Bat dator filosofiaz eta denboraz transmediarako apustu hau NAIZ garatzen ari den berrikuntza prozesuarekin. Iñaki Altunak aurreratu zuen aldaketa estetikoa ere etorriko dela hurrengo urtean baina bereziki ibilmoldea aldatzeko lanean ari direla, erredakzioaren funtzionamendua eraginkorragoa izan dadin eta elkarlanerako aukerak bere osotasunean baliatzeko. Informazioa, mamia, hobeto lantzea izango dute helburu, «mamiaren trataera baita garrantzitsua, proiektu batean edo bestean hori ondo lantzen jakitea, hedabide ezberdinetan eta formatu ezberdinetan mami hori lantzeko aukera da berrikuntza prozesu honetan indartu nahi duguna».