NAIZ
GASTEIZ

Iruña Veleiako hegoaldeko harresia zaharberritu dute

Iruña Veleiako oppidumeko harresiaren hegoaldeko atea sendotu eta hari balioa emateko proiektua gauzatu du azken hilabeteetan arkeologo talde batek. Jarduketa garrantzitsua izan da, aztarnategiaren eremurik ageriko

Erakundeetako ordezkariek aztarnategira bisita egin dute gaur. (IREKIA)
Erakundeetako ordezkariek aztarnategira bisita egin dute gaur. (IREKIA)

Aztarnategiko hegoaldeko harresiaren zaharberritzeko lana garrantzitsua da, Iruña Veleiako eremurik agerienetakoa delako, Arabako Aldundiak diseinaturiko 2010-2020 Plan Zuzentzailearen barne dagoena. Lakuak 100.000 euroko ekarpena egin dio.

Modu honetan, Iruña Veleiako aztarnategian urratsak egiten jarraitzen dute, «arabarrek haren jatorria hobeto ezagutu dezaten», Aldundiaren eta Lakuaren arteko lankidetzaren bidez.

Ildo horretan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aztarnategian izan dira gaur, oppiduma sendotzeko eta hari balioa emateko proiektua gauzatu den lekuan, lana egin duten arkeologoekin batera.

Iruña Veleiako monumentu multzoa Arabako gune arkeologikorik zabalenetako bat da. Aztarnategiak 126 hektarea inguruko azalera izan dezake, gaur egun babestuta dagoen oppidumaren mugetatik askoz harago. Hain zuzen, hiruki formako eremu zabala hartuko luke Iruña Okan, Zadorra ibaiak Tresponde eta Billoda herrien artean eratzen duen meandroan. Muga ibaia bera eta A-3302 errepidea izango lituzke, gutxi gorabehera.

Hiruki horren erdialde inguruan dago barruti harresitua, Iruñeko oppidum izenez ezaguna dena, baina aztarnategia ipar-mendebalderago ere badoa, Arkizko muinoa igarota, eta hegoalderantz ere, aipatutako errepiderantz maldan behera datozen mendi hegal leunak hartzen dituela, zeinetan goi inperioko hiri erromatarra egon baitzen. Hegoalde parte horretan daude proiektu horren xede diren elementuak: hegoaldeko atea eta oppidumaren hego ekialdeko horma atalak.

Monumentua hauskorra denez, lan asko eskuz egin dira, eta kontu handiz zapaldu da monumentua, jatorrizko egiturako elementuak mugitzeko arrisku handia egon baita. Gainera, bertara iristea zaila denez, makina espezifikoak erabili behar izan dira monumentua inguratzeko, eta ez da tonaje handiko ibilgailurik erabili, egiturak kaltetu ez zitezen.

Lanak

Berreraikitze lanek oinarrian izan dituzte azterlan arkeologikoaren emaitzak eta, hori dela medio, indusketa zuzendu duen arkeologo taldeak eta proiektua idatzi duen taldeak ezarritako jarraibideen arabera egin dira lanak. Oscar Reinares izan du buru arkeologo taldeak.

«Lehenik eta behin, obra behar bezala gauzatzeko egin beharreko aldez aurreko lanak eta lur mugitzeak egin dira, tartean, harresiaren eta atearen aurrean zegoen asfalto geruza eraistea, jardun eremuan sastrakak eskuz kentzea eta garbitzea, betegarriak kentzea eta, gero, zirkulazio bidea (cursum) berriz jartzea, eta lehendik han zegoen material pikorkararen zati handi bat birziklatu da», azaldu du arkeologoak.

Lehendik zeuden egituretan esku hartzeak egiteko eta fabrika berriak eraikitzeko, lehenbizi, desmuntatze arkeologikoko lan zehatzak egin dira, betegarriak berriz jarri dira eta gailurrak sendotu dira, eta hori guztia egitean, behar bezala babestu dira induskatutako eremuak, xafla geoehunezkoak erabiliz eta hautatutako betegarrien bidez.

Material horiek lehengoratzeko, harlauzazko harlangaitza eta kareharrizko harlandua erabili dituzte, aztarnategian antzeko lanetan orain arte erabili izan direnen antzekoak, bai eta kare hidrauliko naturalezko morterozko piezak ere. Gainera, lerro bat markatu da jatorrizko materialaren eta material berriaren artean, eta beira zuntza duen poliester sare bat jarri da, bi materialen arteko aldeak ikusteko aukera izan dadin, eraikinaren jarraitutasuna desitxuratu gabe.

Ondoren, jatorrizko materialak onik zaintzeko lan zorrotzei heldu zaie, alegia, hutsarteak, arrakalak eta pitzadurak itxi dira, eta, amaitzeko, harlanduzko lan berriaren gainazala tindatu da hori okrezko eta lur kolorezko pigmentuz koloreztatutako kare ura erabiliz, fabrika berriak monumentu multzoan diskretuki integratuta gera zitezen.

Obrei esker, sakonago ezagutu da harresian erabilitako materiala, haren historia eta arkeologia. Horren erakusgarri da elementu arkitektoniko berriak -berrerabili egin dira- edo garai hartan erabilitako eraikuntza prozedura batzuen lekukotasuna ematen duten material hondarrak aurkitu izana.

«Altxorretako bat»

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu du Iruña Veleia «Arabako ondare historiko aberatsaren altxorretako bat» dela, eta, horregatik, «benetan garrantzitsua» dela ahalegina egitea hura gehiago ezagutzeko, sendotzeko eta balioa emateko.

Hori dela eta, esan du Arabako Aldundiarentzat «balio handikoa» dela beste erakunde batzuek proiektu horrekin bat egitea eta babesa agertzea. «Beraz, benetan balioesten dugu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Arabako ondarearekin erakutsitako konpromisoa, bai Santa Maria Katedralean eta Artiumen, bai, oraingo honetan, Iruña Veleiako aztarnategian», gaineratu du.

Ahaldun nagusiak gogoratu du foru erakundeak «argi eta garbi» egin duela beti aztarnategiaren alde: «2009an, Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailari eskatu zion aztarnategirako jarduteko proiektu orokor bat idatz zezala, zeinak 2010-2020 aldirako Iruña Veleiako Plan Zuzentzailearen onespenean ikusi baitzuen argia, eta aztarnategiaren alde egiten jarraitzen dugu tinko. Hortaz, egiteke dugun gauzetako bat da, laster, datozen urteetarako plan berri bat diseinatzea».

Bestalde, Zupiriak nabarmendu du jarduketa berria «garrantzi handikoa» dela Iruña Veleiari balioa emateko. Ber hitzetan, azken hilabeteetan gauzatutako esku hartzea «funtsezkoa» da Iruña Veleiako hegoaldeko harresia sendotzeko eta eremu hori agerikoago egiteko: «Lan horiei esker, urrats bat aurrera egin da aztarnategi hori babestu eta onik zaintzeko lanean eta, era berean, bisitariei aukera eman zaie hobeto ezagutzeko nola bizi ziren enklabe horretan erromatarren garaian».

Azkenik, adierazi du Lakuak «oso garrantzitsutzat» jotzen duela jarduketa hori, «ahalbidetzen digulako balioa ematen jarraitzea Euskadiko erromatarren aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuenari: Iruña Veleiari».