Sare: «Akats handi bat litzateke atzo Bilbon eta Baionan aldarrikatutakoari muzin egitea»

Sarek uste du atzo Bilbon eta Baionan euskal presoen eskubideen defentsan elkartutako 85.000 pertsonek «mezu argia» helarazi zietela frantziar zein espainiar estatuei: «Akats handi bat litzateke atzo aldarrikatutakoari muzin egitea». Zentzu horretan, bilera bat eskatu diote Grande-Marlaska Barne ministro espainiarrari.

NAIZ|BILBO|13/01/2019|0 comentarios
Presoak_2
76.000 pertsona zenbatu zituen GARAk Bilboko manifestazioan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Atzo Bilbon eta Baionan euskal presoen eskubideen alde eta hauei ezartzen zaien sakabanaketa politikaren aurka egindako manifestazioen balorazioa egin du Sarek hedabideen aurrean. Bertan, «positiboki» baloratu du manifestazio bateratuak deitu izanaren ideia, azpimarratuz espetxe politika aldatzeko aldarria «milaka» pertsonek babestu zutela.

GARA/NAIZ eta Mediabaskek egindako zenbaketen arabera, 85.000 –76.000 Bilbon eta 9.000 Baionan– pertsona inguru atera ziren kalera Orain Presoak dinamikaren deialdia sostengatuz.

Mobilizazioekin bat egin zuten milaka lagun horiek «mezu argia» helarazi zieten espainiar zein frantziar estatuei Sareren arabera: «Entzunak izatea eskatu genuen atzo, jendartearen bakerako nahiari kasu egiteko, elkarbizitza eraikitzeko ateak zabaldu ahal ditzagun; ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe».

Agerraldia baliatu du Sarek egiten ari diren lanarekin jarraituko dutela adierazteko. «Asko gara pertsona ororen eskubideen alde batzeko prest gaudenak», azpimarratu dute, gaineratuz inork ez zuela esan lan erraza izango zenik. «Hasitako lanarekin jarraitzeko prest gaude, datozen belaunaldiei elkarbizitzan eta bakean oinarritutako etorkizun bat utzi nahi diegulako».

Hau guztia dela eta, mezu bat helarazi nahi izan diete gobernuei: «Akats handi bat litzateke atzo aldarrikatutakoari muzin egitea. Ez dezatela gehiago atzeratu sufrimendua besterik sortzen ez duen espetxe politika injustu eta zentzugabea aldatzeko».

Hori horrela, bilera bat eskatu diote Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainiarrari, «Bakegileen ereduari jarraituz, presoen auziaz eta giza eskubideez hitz egiteko». «Bilbon eta Baionan entzundako ahotsa zuzenean helarazi nahi diogu Espainiako Barne ministroari».

Sareko eledunak ziur daude lan-molde berriak topatuko dituztela, «jokamolde egokiak, benetan euskal presoen egoera larri honi betiko konponbidea emateko».

NOTICIAS RELACIONADAS