NAIZ
BILBO

Prekarietatearen aurkako manifestazioa egingo du LABek hilaren 26an Iruñean

«Lan duina eta bizi duina» aldarrikatzeko manifestazioa egingo du sindikatu abertzaleak urtarrilaren 26an Iruñean. «Prekarietatearen aurkako borroka guztiak» batuta, klase elkartasunerako deia da egin nahi dutena.  

Igor Arroyo eta Xabier Ugartemendia LABeko ordezkariak.
Igor Arroyo eta Xabier Ugartemendia LABeko ordezkariak.

Bilbon eginiko prentsaurreko batean, LABeko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok eta Ekinta Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak jakinarazi dute Huerta de Peraltako langileen greba mugagabea hasi zutela hilabete beteko denean, hilaren 26an, «prekarietatearen eta esplotazioaren aurka» kalera aterako direla. 

Arratsaldeko 17.00etan Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko den manifestazio horretan borrokan dauden enpresa eta sektoreak, LABeko komunitatea, emakumeak, pentsiodunak, gazteak eta batu nahi duen oro bildu nahi du sindikatuak. 

Gertatzen ari dena ulertzeko «bizitzaren prekarizazio prozesu latzari» erreparatu behar zaiola azpimarratu dute eta, ildo horretan, adierazi dute Estatuen aldetik ematen ari den «inboluzioak» langile-klasea duela jo puntuan. «Inboluzio bikoitza da, politikoa eta soziala, eta eskutik doaz biak, eskutik doazen moduan, estatalizazioa eta lan harremanen prekarizazioa. Gure lan baldintzak hemen bertan negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, prekarizazio prozesuan sakondu nahi dute», esan dute. 

Estatu espainiarrean izandako lan erreformen helburua «negoziazio kolektiboa neutralizatzea» izan zela nabarmendu eta gero, gogoratu dute 2010eko eta 2012koaren artean, hamahiru «neurri atzerakoi» ezarri zirela. Orain planteatzen ari diren «erreformaren kontraerreformak», aldiz, hamahiru neurri horietatik bi besterik ez dituela ukituko salatu dute: «Makillaje operazio baten aurrean gaude eta estatalizazioak bere horretan dirau». 

Arrakala soziala areagotzen ari dela ohartarazi dute eta bizi baldintzen kaskartzeak bereziki emakumeei, gazteei, pentsiodunei eta migratzaileei eragiten diela adierazi dute. 

LABeko ordezkarien esanetan, «enpresariek lan esku merkearen premia adierazten dutenean, orduan bakarrik dira ongi etorriak migranteak, eta orduan ere, sasi-esklabutza lanetan, Huerta de Peraltako langileekin gertatzen den moduan». 

Prekarietatearen eta esplotazioaren aurka eta enplegu duinaren alde borroka sindikal ugari piztuta dituztela nabarmendu du sindikatu abertzaleak eta, horien aurrean «antidotoa» badaukatela gaineratu dute: «antolakuntza eta borroka sindikala». «Horrez gain –esan dute– beharrezkoak dira neurri politikoak ere: lan erreformen derogazioa eta lan harremanetarako esparru propioa, Euskal Herria prekarietate eta esplotaziorik gabeko herria izan dadin». Lakua eta Nafarroako gobernuei bide horretan urratsak emateko eskatu diete.