NAIZ
BILBO

110 pilotarik eman dute izena Binakako Emakume Master Cup txapelketan parte hartzeko

Hilaren 27an Galdakaon abiatuko den Binakako Emakume Master Cup txapelketan parte hartzeko 110 pilotarik eman dute izena. 98 promozio mailan arituko dira, 49 bikotetan, eta beste 12 lehen mailan, sei bikote osatuz.

Iazko edizioko finala, Eibarren jokatu zena. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Iazko edizioko finala, Eibarren jokatu zena. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ohar baten bitartez, Emakume Master Cup txapelketako antolatzaileek jakinarazi dute, «guztiz irekia izan den» izen-emate epea amaituta, 110 izan direla Binakakoan parte hartuko duten pilotariak.

Kopuru horri erreparatuta, txapelketak pizten duen ilusioari eusteko gai izan direla nabarmendu dute.

Guztira, 98 izango dira promozio mailan lehiatuko diren emakumeak, 49 bikote osatuz, eta beste 12 lehen mailan, sei bikotetan.

Honakoak izan dira lehen mailan lehiatzeko izena eman duten pilotariak: Miren Larrarte, Olatz Arrizabalaga, Olatz Ruiz de Larramendi, Iera Agirre, Arrate Bergara, Patri Espinar, Miriam Arrillaga, Maider Mendizabal, Leire Garai, Maite Ruiz de Larramendi, Leire Etxaniz eta Maddi Mendizabal. 

Txapelketaren oreka bermatu asmoz, lehen mailako bikoteak antolatzaileek osatuko dituzte aste honetan bertan.

Txapelketa hilaren 27an hasiko da, Galdakaon eta finalerdiak martxoaren 10ean jokatuko dira, Errenterian. Zumarragako Beloki pilotalekuak hartuko ditu finalak, martxoaren 17an. Azken bi jaialdiak zuzenean eskainiko ditu ETBk.

Sistemari dagokionez, berrikuntza bezala, lehen mailako txapelketan kanporaketa zuzenak jokatuko dira lehen aldiz, maila asko berdindu denez, egun berean bi partida jokatzea gehiegizkoa izan daitekeelako.