NAIZ
MADRIL

Realak ez du Vallecasen irabazterik merezi izan (2-2)

Tankerakoak diren bi taldek jokatu dute aurrez aurre gaur Vallecasen. Defentsa lanetan kamuts eta opariak eginez, golak oparitu baino ez dituzte egin bi taldeek. Gaitz erdi, 2-0ekoa berdintzea lortu dute donostiarrek. [Neurketaren xehetasunak]

Baloi asko galdu eta gutxi asmatu du Januzajek. (@RealSociedad)
Baloi asko galdu eta gutxi asmatu du Januzajek. (@RealSociedad)

‘Betiko’ Reala ikusi da gaur Vallecasen: talde txikia, atzean erraztasun handiak ematen dituena, intentsitate gabekoa. Zorionez, bere tankerako talde bat zuen aurrean.

Ondo hasi dute donostiarrek neurketa. Bi arrisku jokaldi sortu dituzte lehenengo ordu laurdenean, Oyarzabalek biak ala biak. Gola, baina, etxekoek egin dute, 22. minutuan. Zuzenean sareetara joan da Comesañak areaz kanpotik egin duen jaurtiketa.

Apenas sei minutu beranduago, eta Hector Morenoren akats bati esker, bigarrena egin du Rayok. Embarba izan da Rulli aurrez aurrekoan gainditu eta bere taldearen bigarrena egin duena.

2-0ekoa kolpe handia izan da donostiarrentzat, handia bezain merezitakoa. Soilik Morenok atsedenaldira heldu aurretik egin duen golak eman dio bizia Realari. Geldikako jokaldian egin du gola mexikarrak, jokoa sortzeko ere sekulako arazoak izan ditu eta Realak.

Realak izan duen hoberena izan da egin duen jokoa izan, aurkaria baizik. Sekulako erraztasunak eman ditu atzekaldean Rayok, gaurkoa irabazteko neurketa zela garbi utziz. Sekulakoak egin behar izan ditu Realak gol-aukerak sortzeko, etxeko taldeak horretarako bide eman badio ere.

Soilik 82.minutuan, Oyarzabalen jokaldi baten ostean, egin du donostiarren bigarrena William Josek. Bazen oraindik denborarik hirugarren bat egiteko, lagundu du etxeko taldeak horretan ere, baina hala ere ez; ez du Realak irabazterik merezi izan Vallecasen.

Amaieran, eta gaitz erdi, 2-0koa berdintzea lortu dute txuri-urdinek, puntu bat ekarriz etxera.