@mtxintxurreta
DONOSTIA

Txikienen egun handia Donostian: haur danborrada ilusioz atera da kalera

San Sebastian eguna intentsoa izaten da donostiarrentzat, batez ere haur danborradan parte hartzen duten neska-mutilentzat. Urduri baina gogotsu, Donostiako txikienek danborrari kolpeka ospatu dute beraien egun handia.

Alderdi Eder, danbor-jolez gainezka. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Alderdi Eder, danbor-jolez gainezka. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ez zirudien euriak menia emango zuenik, baina bai, eguraldiak eutsi egin dio eta haur danborrada eguerdiko 12.00etan hasi da, aurreikusita zegoen bezala, Alderdi Ederren. Jesuitinas Ikastetxeko Jeneralak eta bere laguntzaileak, Alkatesak, Notarioak (aurten estreinatu den pertsonaia) eta Easo Ederrak udaletxeko balkoitik harrera egin diote Haur Danborradari eta berau ikustera hurbildu diren donostiarrei; beraiekin batera, Larramendi Ikastetxeko Anne Vicente Danbor Nagusia igo da balkoira. Berak hartu du batuta, eta bere erritmora, milaka neska-mutilek Sarriegiren Donostiako Martxa jo dute, konpositorearen beste abesti askoren artean, eta desfilean abiatu dira 49 konpainietako 5.088 haurrak.

Horrela, danbor-hotsek hartu dituzte Donostiako kaleak, eta ezker-eskuin, erdialdean zein auzoetan, danborrada desberdinek girotu dute San Sebastian eguna, Gaztelubide konpainiak gauerdian irekitako jaialdiari jarraiki. Gauerdian Bandera Jaitsi arte, hiriko festa zaratatsuenak ez du etenik izango.

Urrezko Danborra

Hiritarren erabakiz, Rosa Garcia Stop Kaleratzeak plataformako bozeramaileak jaso du Urrezko Danborra, emozioz betetako ekitaldi batean. 12.30ean agertu da udaletxean Eneko Goia alkatearekin batera, eta Unión Artesana danborradak egin dio harrera. Palkoan, Stop Kaleratzeak-eko kideak egon dira, eta behean, herritar zein ordezkari politikoak: Markel Olano, Ernesto Gasco, Arantxa Tapia, Maddalen Iriarte eta Juan Carlos Izagirre, kasurako. Richard Oribe iragan urteko saritua ere bertan izan da.

Altza eta Larratxoko parrokoa eta Stop Kaleratzeak plataformako kide den Javier Hernáezek hartu du hitza Urrezko Danborra Garciari entregatu baino lehen. «Rosa, emakume handia zure txikitasunean», hasi du hitzartzea, eta jarraitu du: «Rosa kolibri baten modukoa da. Basoa sutan dagoenean, gainontzeko animalia guztiek ihes egiten dutelarik, bere mokoan ura eramaten du sua itzaltzeko».

Horren ostean, Urrezko Danborra entregatzeko unea iritsi da. Aurtengo saria «berezia» dela esan du Goia alkateak, urtero-urtero ezaguna den pertsonei eman baitzaie ohorezko saria; Rosa Garciaren kasuan, ordea, ez da horrela izan. «Emakume borrokalaria, konprometitua, solidarioa, nekaezina eta langilea. Lortu duzu Donostiaren parte ere baden errealitate bat fokuratzea». Hitzok esanda eta danbor-hotsekin lagunduta, Rosa Garciak Urrezko Danborra jaso du: «etxebizitzarako eskubidea ez dadila izan ezinezko misioa».