NAIZ
GASTEIZ

Estatus Berria «eskubide eta askatasunen berme» gisa aldarrikatu du EH Bilduk

Koalizio abertzaleak «ezinbestekotzat» jo du Estatus Politiko Berriaren testu artikulatuak «zorrotz errespetatzea» EAJrekin adostutako oinarriak, «hori izango baita euskal herritarren eskubide eta askatasunak blindatzeko modu bakarra». Kalitatezko enplegua sustatzeko eta eskubide sozialak babesteko hiru lege proposamen ere iragarri dituzte. 

Unai Urruzuno eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko legebiltzarkideak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Unai Urruzuno eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko legebiltzarkideak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

2019. urte honetarako lehentasunak aurkezteko eginiko agerraldian, honakoa autogobernurako «urte kritiko eta erabakigarria» izango dela azpimarratu dute Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideek. Nabarmendu dute «eskubide eta askatasunak murriztea helburu, Estatu espainoletik datorren olatu neofaxistak bete-betean» joko duela «gure eskumenen kontra gure autogobernua husteko». 

«Inboluzio demokratiko» prozesu horren aurrean, Maddalen Iriartek adierazi du Estatus Politiko Berria «berme gisa» ulertu beharra daoglea, «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren eskubideak eta eskumenak blindatzeko». 

Horretarako, gaineratu du, testu artikulatuak «ezinbestean» errespetatu beharko ditu Autogobernuari buruzko lantaldean EAJk eta koalizio abertzaleak adostutako oinarriak, «hori izango delako modu bakarra gizarte honek bere burua gobernatzeko duen gaitasun eta eskubidea blindatzeko». 

«Oinarri horiek desitxuratzeko akatsa egingo bagenu, sekulako mesedea egingo genieke gure autogobernua hankaz gora jarri nahi duten horiei», esan du Iriartek. 

Aurtengo jardun parlamentarioan enplegua sustatzea eta eskubide sozialak bermatzea ere izango dira EH Bilduren lehentasunak. Zentzu horretan, Urruzunok kritikatu du «legealdi erdia baino gehiago» pasa dela eta Iñigo Urkulluren Gobernuaren «produkzioa legegilea hutsaren hurrengoa» dela. 

Hiru lege proposamen

Koalizioak ekimen politikoa hartzeko borondatea duela nabarmendu ondoren, Urruzunok iragarri du hiru lege proposamen aurkeztuko dituela «kalitatezko enplegua eta ongizate soziala bultzatzeko».

Alde batetik, azaldu du Klausula Sozialen Legea proposatuko dutela, kontratazio publiko guztietan lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko. Bestetik, Deslokalizazioen Kontrako Legea ere jarriko dute mahai gainean, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten edo estrategikoak diren enpresen deskolakizazioa eragozteko. 

Horrez gain, Ongizate Energetikoaren Legea «ere bidean» dagoela adierazi du, «milaka herritarrek kalefakzioa pizteari, adibidez, uko egin behar ez diezaioten diru faltagatik».