NAIZ
DONOSTIA

«Olatu neoliberala gelditzeko» eraldaketa sozialaren aldeko borroka aldarrikatu du LABek

LABek eta ELAk Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpen bateratua egin zuteneko 25. urtemugaren harira eginiko agerraldian, «elite ekonomikoen neurrirako» indarrean dagoen eredu ekonomiko eta soziala ez dela «demokratikoa» azpimarratu du Garbiñe Aranburuk. «Olatu neoliberala gelditzeko» eraldaketa sozialaren aldeko borrokan aurrera egiteko beharra nabarmendu du.

Igor Arroyo, Garbiñe Aranburu eta Jagoba Zulueta, LABen Donostiako egoitzan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Igor Arroyo, Garbiñe Aranburu eta Jagoba Zulueta, LABen Donostiako egoitzan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Hilaren 19an mende laurden beteko da LAB eta ELA sindikatuek Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko adierazpen bateratu «historikoa» egin zutela. Hori dela-eta, urtemuga horren inguruko irakurketa egin eta ekimenen berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute Donostian LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, haren ondoko Igor Arroyok eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak. 

Iragarri dute egun horretan bertan, otsailak 19, lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerei buruz, egun osoko jardunaldi bat egingo dutela Ipar Hegoa Fundazioarekin batera, Donostiako Kursaalen.

Urtemugaren irakurketa egin duen Arroyoren esanetan, egun indarrean jarraitzen duten hiru parametro finkatu ziren duela 25 urte. Alde batetik, Euskal Herria «hausnarketa, aldarrikapen eta borrokarako esparru autonomo moduan» zehaztu zen: «Agenda propiodun euskal sindikalismoa, kontrabotere klabean; norabide propioa, sindikalismo espainola elkarrizketa sozialarekin desaktibatuta zegoen bitartean», azaldu du.

Bestetik, sindikalismoa «eragile soziopolitiko» bezala definitu zen: «klabe sozial eta nazionalean aktibatzen dena; egiturazko egoera irakurtzen dakiena; akordioetara heldu eta konpromisoak hartzeko prest dagoena».

Hirugarrenik, «bizi eta lan duinerako dauden egiturazko oztopoak» identifikatu ziren, gaur egungo parametroetan: patronalaren neurrira egindako eredu soziala; Euskal Herriaren menpekotasuna. «LABek trantsizioan salatua zuen hau, eta, 1994tik aurrera, baieztapen hauek gehiengo sindikal batek konpartituko ditu», erantsi du Arroyok.

«Ez dago demokraziarik»

Hari horretatik tiraka, azken urteotako bilakaera sozial, ekonomiko eta politikoari erreparatuz, ondorio bat nabarmendu du Garbiñe Aranburuk: «Egun ez dago demokraziarik Euskal Herriko langileentzat». 

«Elite ekonomikoen neurrirako indarrean dagoen eredu ekonomiko eta soziala ez da demokratikoa, erabateko boterea ematen dio patronalari, desberdintasun sozialak areagotzen ditu, bakartu eta zatitu egiten du langileria, eta prekarietatera kondenatu nahi gaitu», adierazi du idazkari nagusiak.

Langile klasearen errealitatea «oso anitza» dela aitortu duen arren, azaldu du «ez dagoela langile kolektiborik bere bizi-baldintzen prekarizaziorik jasan ez duenik». 

«Demokratikoa ez den Estatu baten parte garela» aipatu eta gero, «ultraeskuina indartzeak eskubiak mozorroa kentzeko» balio izan duela azpimarratu du. 

Eraldaketa sozialaren aldeko borroka

Testuinguru politiko eta sozial honek sindikatuak ere interpelatzen ditu, Aranbururen esanetan:  «Egungo testuinguruak exijitzen digu esparru propioaren aldeko borrokari zentralitatea handiagoa ematea. Exijitzen du aldaketa sozialerako aldaketa politikoko prozesu baten aldeko apustu argia egitea. Honekin lotuta, 2017an, prozesu soberanista baten aldeko adierazpenarekin, beste mugarri bat jartzekotan egon ginen. LABentzat hausnarketa hura indarrean dago».

Ildo horretan, LABeko idazkari nagusiak goraipatu du Euskal Herrian «gehiengoa» dela «beste eredu sozial, ekonomiko eta sozial baten aldeko apustua» egiten dutenak. 

Mobilizazio soziala «indartsua» dela eta borrokarako gaitasuna «kontuan hartu beharreko aktibo garrantzitsua» dela adierazi du. Hori dela eta, «borroka horiek guztiak batu» beharraz mintzatu da, «eraldaketa sozialaren aldeko borrokan aurrera egin eta olatu neoliberala gelditzeko. Demokratizazioan urratsak eman beharra dago, burujabetza behar dugu».

«Eskutik doaz demokrazia eta burujabetza», aldarrikatu du LABek amaitzeko.