NAIZ
BILBO

Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko eskatu du LABek Hezkuntza Sailaren aurrean

«Egin klik: erlijiOFF» lelopean, Hezkuntza Sailaren aurrean elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko xedearekin abian daukan dinamikaren baitan. 

Hezkuntza Sailaren aurrean egin du elkarretaratzea LABek. (LAB)
Hezkuntza Sailaren aurrean egin du elkarretaratzea LABek. (LAB)

Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko iragan abenduan martxan jarri zuen dinamikaren baitan, Lakuako Hezkuntza Sailaren aurrean protesta elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak, Bilbon. 

Azaldu duteenez, azken urtean sindikatu abertzalearen «oinarri ideologikoak berritzeko» lanean aritu da eta, hain zuzen, norabide horretan kokatu du aipatu dinamika. 

Oinarri horien lanketa estrategikoan, besteak beste, LABek «Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak» zehaztu ditu eta irizpide horien baitan aldarrikatu dute «hezkuntzaren izaera laikoa». 

Hilabetero egingo dituzten elkarretaratzeez gain, sinadura bilketa bat ere ari dira egiten. Internet bidez eman daiteke eskola laikoaren aldeko atxikimendua

Era berean, hezkuntza eragileekin aldebiko bilerak egitea eta Legebiltzarrean agerraldia eskatzea aurreikusten zuela adierazi zuen sindikatuak dinamikaren aurkezpena egin zuenean.

‘ErlijiOFF’ dinamikaren nondik norakoak azaltzen dituen bideoa ere sareratu dute.