NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren isuri toxikoenak ez direla modu iraunkorrean neurtuko salatu du GuraSOSek

Plataformaren uste okerrenak baieztatzen dituzten datuak ari da topatzen GuraSOS. «Ez da egia erraustegiak botako dituen sustantzia toxikoenak modu iraunkorrean neurtuko direnik», salatu du gaur, beste txosten konfidentzial batean jasotzen dela dio plataformak eta gezurretan aritzea egotzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

GuraSOSen gaurko agerraldia. (FOKU)
GuraSOSen gaurko agerraldia. (FOKU)

Pasa den astean erraustegiaren berri emateko «komunikazio plan sekretua» salatu zuen GuraSOSek eta gaur beste txosten baten oinarrituta Foru Aldundiari gezurretan aritzea egotzi dio plataformak. Kasu honetan, dio erraustegiak botako dituen sustantzia toxikoenak ez direla modu iraunkorrean neurtuko. Gazteleraz Plan de Vigilancia Ambiental izeneko txosten konfidentzial batean jasotzen da hori, GuraSOSek gaur salatu duenez.

Maria Jesus imaz Usurbilgo Udarregi ikastolako zuzendariak eta Jose Cruz Ruiz Villandiego medikuak eman duten prentsa agerraldian adierazi dute informazio hori «letra oso txikian eta dokumentu erantsi batean» agertzen dela eta agintariek sustantzia toxikoenen kontrola etengabekoa izango dela iragarri arren txostenak jasotzen duela lehen urtean 36 ordutan soilik neurtuko dela eta hortik aurrera urtean 24 ordutan.

Gaur argitara eman duten datua kontuan hartuz salatu dute gezurra dela gipzukoar agintariek egindako iragarpena, dioxinen emisioek muga gaindituz gero erraustegia ordu erdian geratuko litzatekeela, alegia, ez baita etenik gabeko kontrolik izango.

Plataformak salatu du informazio faltsua ari direla zabaltzen agintariak eta hori pasa den astean publiko egin zuten komunikazio plan horren araberako jarduna dela.

Larunbatean kalera irteteko deia

GuraSOSek uste du agintariak halakoetan aritzeak erakusten duela «jendarteak ez duela nahi erraustegia» eta salatu du «onartezina» dela «osasunaren gainean iruzur egitea». Pare bat galdera era luzatu dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei: «uste al duzue zuen proiektuarekin aurrera jarraitzeko baldintzak betetzen direla? Ez al da bideragarriagoa gardentasunez eta alternatiba guztiak mahai gainean jarrita proiektua berdefinitu eta adostasunera iritsiz konpontzea?».

Herritarrei erraustegiaren aurka mobilizatzeko deia berretsi die GuraSOSek, kasu honetan larunbaterako deia eginez, «adostasunaren aldeko aldarri masibo eta anitza egitera».