NAIZ
Madril

Ruper Ordorikak jaso du Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria

Ruper Ordorika izan da Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria jaso duena Estatuko Musika Independentearen MIN sarien banaketa ekitaldian ‘Bakarka’ lanari esker.

Ruper Ordorika, bart Madrilen, MIN saria eskuetan. (ETXEPARE INSTITUTUA)
Ruper Ordorika, bart Madrilen, MIN saria eskuetan. (ETXEPARE INSTITUTUA)

Berrogei urteko ibilbidean argitaratutako 12 abesti berreskuratu eta ordena kronologikorik gabe bildu ditu Ordorikak ‘Bakarka’ diskoan. «Gitarra eta ahotsa protagonista dira, eta biluztasun horrek atmosfera intimista bat ematen dio emaitzari», adierazi dute Etxepare Institututik.

Izaro abeslariak eman dio bart saria Ruper Ordorikari. Irabazteko hautagai ziren gainontzeko euskal taldeen artean Gatibu, Broken Brothers Brass Band, Revolta Permanent eta Izaki Gardenak zeuden.

Halaber, Morgan taldeak Zuzeneko Hoberenaren Saria lortu du iazko Donostiako Jazzaldian eskaini zuen kontzertuagatik.

Bestalde, sari banaketa ekitaldian protagonismo handiena izan zuena Morgan talde madrildarra izan zen. Rock Disko Onena, Zuzeneko Onena, Ekoizpen Onena, Artista Onena eta Disko Onena izan ziren boskoteak irabazi zituen sariak. Kategoria hauetako batzuetan, izendatuta zeuden Atom Rhumba edo Belako euskal taldeei gailendu zitzaien.

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN Sariak 2009. urtean sortu ziren, Estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea Estatu espainolean eta nazioartean sustatzeko.

Etxepare Euskal Institutuak 2014tik babesten du Euskarazko Disko Onenaren Saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari Euskal Herritik kanpo ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Berri Txarrak, Jabier Muguruza, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Delorean izan dira talde sarituak aurreko urteetan.