Ariane Kamio
Donostia

«Lan gatazka» bat, Donostia Antzerki Saria ez taularatzearen arrazoiaren atzean

Vaiven konpainiak ekoiztutako ‘Sherezade eta tipularen azalak’ lanak eskuratu du Donostia Antzerki Saria, baina martxoaren 27an egingo den ekitaldiaren ondoren ez da taularatuko. Horren atzean lan gatazka bat dagoela salatu dute hiru aktorek.

‘Sherezade eta tipularen azalak’ antzezlanaren une bat. (NAIZ)
‘Sherezade eta tipularen azalak’ antzezlanaren une bat. (NAIZ)

Donostia Antzerki Saria datorren martxoaren 27an emango da eta aurtengoan Vaiven konpainiak taularatu duen ‘Sherezade eta tipularen azalak’ lana egin dute saridun. Pasa den ostiralean egin zen prentsaurrekoan jakinarazi zen aurtengo sarituen izena, baina aldaketa bat egongo da sari banaketaren ohiko ordenean. Normalean, antzezlan irabazlea oholtzaratzen da ekitaldiaren ondoren; kasu honetan ez dela hala izango iragarri zuten antolatzaileek, eta bigarren lekuan geratu den hautagaitza izango da eszena gainean jarriko den obra; hots, Axut taldearen ‘Zazpi senideko’. Ostiraleko agerraldian adierazi zenez, konpainiak antzezlanaren bira amaitutzat ematen du eta horregatik ez da taularatuko.

Gaur arratsaldean Iraia Elias, Miren Tirapu eta Xabi Donosti aktoreek gertatutakoaren atzean dagoenaren berri eman dute, ohar bateratu bidez. Aktoreek diotenez, prestutasuna agertu dute antzezlana berriro oholtza gainean jartzeko, «baina azkenean, eta konpainiak hala erabakita, ez da posible izan».

Haien iritziz, lana ez taularatzeko «funtsezko arrazoia» lan gatazka bat izan da. «Esan beharra dugu lan baldintzen gatazkarekin arrastaka ibili garela antzezlanak izan duen ibilbide osoan. Gure lana ez da ekonomikoki baloratua izan eta tamalez ez dira lan baldintza minimoak bete», adierazi dute.

Sinatzaileen arabera, konpainia profesionalek «ardura garrantzitsu bat dute» diruaren gestioan, «aktoreak –beraz, langileak– behar bezala ordaintzeko eta zaintzeko». «Bide horretan, batez ere horretarako baliabide guztiak dituzten (laguntza ekonomiko publikoak jasotzen dituzten) kontsakratutako konpainiek eredu izan beharko luketela uste dugu. Zoritxarrez, kasu honetan, ez da hala izan».

Gatazka horren ostean iritsi da Donostia Antzerki Saria. Elias, Tirapu eta Donostiren arabera, negoziazio berri bat bultzatzen saiatu ziren, «ordura arte jasotako tratuari buelta eman eta emanaldia duintasunez egin ahal izateko itxaropenez». Baina ez da adostasunik egon. «Tristuraz beterik aurkitzen gara momentu honetan, inpotentzia handiarekin, ezin izan dugulako konpainiarekin abiatutako negoziazioan erdi bide batera iritsi».

Euskarazko bertsioa

‘Sherezade eta tipularen azalak’ obra gaztelerazko eta euskarazko bertsioetan estreinatu da, baina euskarazko lanean izandako zailtasunez ere mintzo dira hiru aktoreak. «Ez da batere samurra izan denbora tarte oso txikian eta behar bezala entseatzeko arazoekin euskarazko bertsio fresko, ulergarri eta irisgarri bat egitea. Zentzu horretan, aktore taldeak itzultzailearekin egin dugun lanarekin oso harro gaude, eta nahiz eta konpainiak erdarazko bertsioaren aldean euskarazko gutxi saldu dituen, plazer hutsa izan da guretzat euskal bertsioa taularatzea».

Gai horrek «berebiziko kezka» sortzen duela ohartarazi dute, «euskarazko bertsioek izaten duten babes eta denbora eskasaz jabetu ahal izan garelako. Euskararen testuinguruan ematen den Donostia Antzerki Saria bezalako ekimen prestijiotsu baten baitan gai honen inguruan gogoeta egin beharko litzatekeela iruditzen zaigu».