NAIZ
MEXIKO HIRIA

Mexikoko Senatuko presidentearekin bildu da Otegi

Mexikora egiten ari den bisitaren baitan, Marti Batres bertako Senatuko presdientearekin bilera egin du EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik. 

Arnaldo Otegi eta Marti Batres, Mexikoko Senatuan. (NAIZ)
Arnaldo Otegi eta Marti Batres, Mexikoko Senatuan. (NAIZ)

Koalizio abertzaleak ohar bidez azaldu duenez, Marti Batres Mexikoko Senatuko presidentearekin bilkura egin du astearte honetan Arnaldo Otegik. 

EH Bilduko koordinatzaile nagusia Mexikora bisita egiten ari da egunotan, Fundación para la Democracia erakundeak eta Cuauhtemoc Cardenas politikariak gonbidatuta. Batresekin eginiko bileraren ondoren, Euskal Herriko bake prozesuaren inguruko hitzaldia eskainiko du Otegik, aipatu erakundeak antolatuta.

Atzo, petrolioaren nazionalizazioaren 81. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan, Lazaro Cardenas presidente izandakaoaren Ohorezko Goardian parte hartu zuen Arnaldo Otegik.

Andres Manuel Lopez Obrador buru duen Gobernuko giza eskubideetarako idazkari Alejandro Encinas Lopezekin ere bildu zen koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusia.