Asier Aiestaran

Parte hartze bikaina ziurtatu du aurten ere Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak

Martxoaren 30ean ospatuko da Azkoitia-Azpeitia lasterketaren 26. ekitaldia eta, aurkezpenean jakinarazi dutenez, Iraitz Arrospide gipuzkoarra punta-puntako dozena erdi korrikalari afrikarrekin lehiatuko da.

Aurkezpenaren irudi bat (AZKOITIA-AZPEITIA)
Aurkezpenaren irudi bat (AZKOITIA-AZPEITIA)

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia ez da Euskal Herrian korritzen direnen artean jendetsuena, baina izaten duen partaidetza goi-mailakoa izaten da urtero eta aurten ere halaxe izango da. Aurkezpen ekitaldian jakinarazi dutenez, Iraitz Arrospide gipuzkoarra irteeran izango da, nahiz eta ez zaion aurkari gogorrik faltako.

Villabonakoa Behobian bigarren eta hirugarren postuak lortutakoa da, eta lasterketa homologatuei dagokionez, Valentzian 19. postua lortu zuen iaz. Maratoian duen marka ere oso aipagarria da (2:13:23), baina distantzia laburragoa da Urola bailarakoa.

Horregatik, faboritoen artean Emmanuel Bett keniarra eta Abera Kuma etiopiarra aipatu behar dira. Aurrenekoak 60:08ko marka du maratoi erdian eta badaki zer den Azkoitia-Azpeitia irabaztea (2015ean lortu zuen garaipena). Bigarrenak 60:19an eginak ditu 21 kilometroak, nahiz eta postuei dagokienez maratoian palmares hobea eduki.

Mamillo Nuguse etiopiarra, Timothy Toroitich ugandarra eta Kiprono Menjo keniarra dira antolatzaileek emandako beste izen nagusi batzuk gizonezkoen proban.

Emakumezkoen lasterketan, hiru izen azpimarratu dituzte: Birham Mihretu eta Fitaw Zeray Bezabh etiopiarrak, eta Irene Kimais keniarra. Mihretu zazpigarren izan zen 2017an Valentziako maratoi erdi ospetsuan eta 70 minutuko marka du egina. Kimaisen denbora ere, 71:59, kontuan hartzeko modukoa da.

Izena emateko epea, irekita

Maratoi erdia 16.30ean hasiko da Azkoitian, eta izena emateko epea oraindik irekita dago internet bidez eta ohiko dendetan. Martxoaren 28ra arte egongo da aukera, nahiz eta 22tik aurrera garestiagoa izango den. Zazpigarren urtez, lasterketa motza ere egingo da, 16.15ean hasita.

Irteerara joateko autobus zerbitzuak egongo dira EAEko hiru hiriburuetatik, eta baita Azpeitia eta Azkoitia artean ere irteerara joateko. Parte-hartzaileek ohiko zerbitzuak izango dituzte eskuragarri: erbiak, dutxak, masajistak...

Aurreko egunetarako, berriz, ekitaldi desberdinak antolatu dituzte bi herrietan; aipagarriena, martxoaren 29an Azkoitiko Baztartxo aretoan, 20.00etan egingo den ‘Diego Garcia, bidegilea’ dokumentalaren estreinaldia.