@Maite_Ubiria

G7 Fan Klubak afixa berria prestatu du munduko agintariei «ongui etori» egiteko

G7 Fan Klubak bere aurkezpen ekitaldia burutu zuen, iragan otsailaren 16an, Biarritzen. Munduko zazpi herrialde aberatsenetarikoen mandatariak heldu den abuztuaren 24tik 26ra bertaratuko dira euskal kostako hirira G7 taldeko urteko goi bileran parte hartzeko. Umorea eta kritika nahasiz, taldeak euskarri berria asmatu du bere mezua pasatzeko. Esklusiban, hemen bere afixa berria.

Afixak zeharka folklorizazioari kritika egiten dio.
Afixak zeharka folklorizazioari kritika egiten dio.

Biarrizko Herriko Etxeak eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak sedukzio kanpaina egin dute urte hastapenetik G7 taldeko bilkuraren gainean herritar askorengan sorturiko kezkak uxatze aldera.

Michel Veunac auzapezak eta Hervé Jonathan suprefetak auzoz auzoko bira egin dute, biarriztarrei lasaitasun mezua helarazi nahian. Era berean, informazio bulegoa zabalik dago, goi-bilera denboran, bereziki hondartzako auzoan, indarrean izanen diren segurtasun neurrien gainean xehetasunak emateko. Segurtasun perimetro bi ezarriak dira Biarritzen. Bertan autoen joan-etorriak zorrozki mugatuko dituzte, baita oinezkoen ibilbide arruntak ere.

Goi-bilerak mozkin ekonomikoak ekarriko dituelakoan, bisitariak begi onez hartzeko kanpaina abian jarri du udalak. Euskal Elkargoa, Garapen Kontseilua eta Baionako Komertzio eta Industria Ganbara bidelagun izanen ditu Veunac auzapezak, aipaturiko erakundek nazioarteko ekimenari begira sorturiko lan taldeari lotu direlako.

Trump, Macron eta enparauen lagun gisa agertzeko gonbidapena

Hiriko agintariek komertzio eta ostalaritza sektoreei gailurrari ongi etorria emateko gonbidapena luzatu diete, ekimen horren lagun gisa bere burua aurkeztuz. Hori guztia G7ko goi-bilerak «Biarritz eta oro har Euskal Herria mundura erakusteko aukera paregabea dela» argudiatuta.

Hain zuzen, goi-bilerari ongi etorri egiteko ados dago G7 Fan Kluba. Hori bai, bere erara eginen du. Bere burua, iragan otsailean aurkeztu ondoren, mitin farsa baten bidez, taldeak hainbat ekimen antolatuko ditu hemendik eta gailurra egin arte.

Hartara, lerro hauekin batera «esklusiban» atzemanen duzuen afixa ondoko egunotan Biarritzen zein beste Euskal Herriko hainbat herritan ezarria izanen da.