@gara_miantzi
Donostia

Itsasoko kutsadura gugandik hasten da

«Itsasoan gertatzen dena, gure etxe parean hasten da» ohartarazi dute Eguzki elkarte ekologistako Gorka Alberdi eta Asier Mansok. Horren froga bezala jarri dute Oria ibaian, Tolosan, Armeria enparantzatik hurbil, pilatutako hondakin mordoa.

Oria bazterrak, hondakinak kendu aurretik eta ondoren. [Gorka ALBERDI]
Oria bazterrak, hondakinak kendu aurretik eta ondoren. [Gorka ALBERDI]

«Tolosako Oria ibaiko zabor hauek zuzenean bota zituzten ibaira eta dagoeneko ez daude bertan, urak eraman dituelako. Itsasoan bukatu dute. Hondakinak eta zaborrak ez daudelako gure zain, uraren menpe baizik, eta hala gertatu da berriro. Ez Tolosan edo ibaietan bakarrik, erreketan eta errekatxoetan berdin, Euskal herriko leku askotan», azaldu dute Eguzki taldeko Gorka Alberdi eta Asier Mansok.

Eguzki taldeak beti esan izan du ibaiak plastikozko autobideak direla. Baina ez hori bakarrik: erosketako-gurdiak, plastikozko aulkiak, zirkulazio-seinaleak, zakarrontziak eta abar pilatzen dira.

«Gero eta sarriago ari gara ikusten eta entzuten itsasoan gero eta plastiko eta zabor gehiago dagoela eta kalte izugarriak sortzen ari dizkiola. Halako jarrerak, ibaian hondakinak eta beste motatako zaborrak ikusteak, ez du ezertan laguntzen; alderantziz, sekula ez dugu jakingo zenbat ehunka, milaka kilo hondakin joaten diren itsasora jokabide horien ondorioz», agertu dute.

Itsasoan eta itsas bazterretan azaltzen diren zaborrak gureak direla azpimarratu dute Eguzkiko kideek. «Hortaz, gero eta kontzienteago izan beharko genuke denok: hein handi batean, ibaietan ikusten duguna itsasoan islatzen da. Euria egin ondoren itsasoak bakarrik jakingo du zenbat milaka kilo hondakin eta zabor jaso dituen, gure ibaiek garraiatuta».

Azkoitiko Udalaren sareak

Alberdik eta Mansok erantsi dutenez, konturatu behar dugu «arazo handi baten aurrean gaudela, ingurumenari erasotzen ari garela eta honek ez daukala etenik». Beren ustez, denok dugu eskubidea gertatzen ari dena jakiteko. «Hori dela-eta, alde batetik, administrazioek neurriak hartu beharko lituzkete lehenbailehen; bestetik, jendea hezi beharko lukete, gero eta kontzienteago izan dadin zein den gure gertuko errealitatea, jakin badakigulako begiratzeko modua aldatzeak gauzak alda ditzaketela. Udal bakoitzak bere lurralde barruan, bere eskumenen barruan esku har dezake», defendatu dute.

Horren adibide da Azkoitiko Udala. Hondakinak kaletik Urola ibaira ez erortzeko sareak jarri ditu. «Sinplea eta eraginkorra da. Hemen daukagu irtenbide bat plastiko kopuru handi bat saihesteko», agertu du erreketako hondakinen argazkiak egiten ari den Gorka Alberdi azkoitiarrak.