Jon Ormazabal
Entrevista
JON APEZETXEA
ASPEKO TEKNIKARI ETA INTENDENTEA

«Rezustak ez du agian beste urteetako distirarik, baina inoiz baino gutxiago galdu du»

Bigarren urtez jarraian, Aspek Binakako txapela ziurtatuta dauka, finalerako bi bikote ziurtatuta ditu eta. Hori bai, ikusteko dago Altuna III.a-Martija edo Elezkano-Rezusta izango diren Irribarria-Zabaletaren arerioak. Igandeko Donostiako partidaz eta euren enpresako txapelketa bikainaz mintzatu da Goizuetakoa NAIZekin.

Jon Apezetxea, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Jon Apezetxea, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Berriz ere finaleko bi bikoteak Aspekoak izatea lortu duzue, pozik izateko motiboak badituzue...
Bai, oso pozik gaude, gure aldetik ongi baina nik beti esaten dudana, pilotariek egiten dute lana eta eurentzat da saria; beraiengatik gaude pozik.

Beti errepikatzen duzu hau bolada kontua ere badela, baina zuen hau luze doa, zerbait egingo zenuten ondo, ala?
Suertea ere alde izan dugu, Aimarrek suerte txarreko lesio larri bat izan du eta Aimar-Albisu kontuan hartzeko bikotea zen, baina egia da ere gure pilotariak maila oso ona ematen ari direla eta oso pozik gaudela, bai finalerdietan sartu diren sei pilotariengatik eta baita kanpoan geratu diren Ezkurdia eta Ladisengatik.

Nola ikusten duzu igandeko partida?
Oso irekia, Beñat eta Danel partida bat galtzetik datoz baina oso konstanteak dira, txapelketa guztian erakutsi duten bezala, nahiz eta joko brillanterik ez egin. Eta besteak behetik gora datoz. Ematen zuen txapelketa hasieran ez zeudela euren onenean baina hemen daude, finaletik partida bakarrera.

Eta oraintxe edonorentzat dira arriskutsuak...
Oso. Jokin hor tartean dagoen bitartean, beti dago arriskua eta Julenek gorakada handia izan du; oso ondo ari da pilotan.

Euren ibilbideak iazkoaren aurkakoa dirudi, oso fuerte hasi eta behera egin zuten; aurten, berriz, behetik gora datoz...
Hori da, iaz sekulako ligaxka egin zuten eta gero finalerdietan pixka bat hustu ziren, eta aurten alderantziz. Orain, partida batera daude finaletik eta kontuz ibili beharko da hauekin.

Ibilbide hori bilatutako zerbait izan da, ala horrela suertatu da?
Horrela tokatu da, pilotariek puntuan egon nahi dute beti, baina horrela tokatu da. Joko gutxirekin egon dira baina ez eurek bilatu dutelako, horrela harrapatu zituen baina buelta eman diote.

Zer izan da, zerbait fisikoa edo buruko zerbait?
Nik uste dut Jokin pixka bat gaindituta bezala zegoela, jokorik gabe, zulorik aurkitu ezinda, txispa gutxirekin...baina freskatu egin da. Lau eta erdian izan zuen lesioak eragina izan du, gainera finalera heldu zen, trote handia eraman zuen. Baina ikusi da, joko distiratsurik egin gabe, finaletik partida bakarrera dago.

Martija ere askoz hobeto ari da azkenaldian
Ikaragarrizko gorakada izan du, oso gustura gaude berarekin. Hiru atzelari onenekin hor dabil borrokan eta ikaragarria da. Oso mutiko langilea da, iaz txapelketa ona egin zuen eta aurten ere bai. Partida asko oso onak egin ditu jotzaile handien aurka eta berriro ere finalerdietan dago, kontuan hartzeko atzelaria da.

Eta zer esan dezakezu Elezkano eta Rezustaz?
Rezustak ez du beste batzuetako distirarik izan, baina sekula baino pilota gutxiago galdu du, beterano baten antza hartzen ari da, kantxan asko ibili eta gutxi galdu. Hiru final jokatu ditu jarraian, igandean irabaziz gero laugarrena luke eta datu ikaragarria da, ez dakit zeinek egin duen hori. Zabaleta ere oso ongi dabil, niretzat txapelketako pilotaririk onena eta erregularrena izaten ari da. Nik espero igandean partida on bat egitea, jendeak disfrutatzea eta onenak irabaz dezala.

Eta Danel?
Danelen inguruan ez dago ezer txarrik esaterik, harrigarria da. Victorren eta kontra, hasieran ezkutatuta bezala aritu zen, baina gero berak hartu zuen partidaren aginte makila, berak amaitu zituen tantoak. Iaz finalean egon zen eta aurten finalerdietan da, ez dago gehiago eskatzerik.

Atzekoak ere bultzaka datoz, hor dago Erik Jaka eta Ladis Galarzak ere txapelketa ona egin du...
Oso ona, espero ez genuena, nahiko erregularra Joseba Ezkurdia on batekin. Eta Erikena kontuan hartzekoa da, gauzak zail ari zaizkigu jartzen, partida zailak irabazten ari da eta joko handia ematen. Etor daitezela gehiago. Guretzat suerte oneko txapelketa izan da, ze ez dugu inolako lesiorik edo minik izan baina beretzat ez da ona izan ze aukerarik ez du izan. Tolosan partida zaila jarri genion eta oso ondo erantzun zuen, kontuan hartzeko pilotaria da.