Ordiziatik Larraitzera bizikletan igo, Larraitzetik Txindokirako joan-etorria lasterka egin eta bueltan Ordiziara bizikletan jaitsi. Horiek izango dira datorren uztailaren 6an Aritz Egea mendi korrikalari urretxuarrak egin beharko dituen lanak.
Desafioarekin Iñaki Maiora txirrindulari ohiak 1978an ezarri zuen marka hautsi nahi du Egeak. Izan ere, 1.26:28 behar izan zuen Maiorak aipatu desafioa burutzeko.
Azken hamarkadetan Goierri aldean zer esan handia eman duen marka izan da Maiorarena. Izan ere, historia luzea duen desafioa da Egeak aurretik duena; Juan Jose Rezola itsasondoarrak ezarri zuen lehenengo marka duela 66 urte, 1953an: 1.42:30.
Desafioa Emaneurre taldearen 10. urteurren ospakizunen baitan egingo da.