NAIZ

Juan Kruz Igerabidek jasoko du Urrezko Kalabaza sarietako bat

Juan Kruz Igerabidek jasoko du Tolosa eta Ordizian antolatzen den Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren Urrezko Kalabaza sarietako bat, ahozkotasunaren mundua sustatzen egindako ahaleginagatik.

Larunbatean jasoko du saria Igerabidek, Tolosan.  (Jon URBE/FOKU)
Larunbatean jasoko du saria Igerabidek, Tolosan. (Jon URBE/FOKU)

Urtetan zehar ahozkotasuna sustatzen egin duen lanagatik jasoko du Urrezko Kalabaza saria Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) idazleak. Sari hauek urteko banatzen ditu Tolosa eta Ordizian ospatzen den Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak eta larunbatean Tolosako Zuloaga Txiki aterpe-jatetxean egingo den galan jasoko dute saria Igerabidek eta antolakuntzak oraindik iragarri ez dituen beste bi sarituek.

«Juan Kruzek lan handia egin du ahozkotasuna ipuingintzaren aldetik lantzen», nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek, eta bere ‘Bularretik mintzora’ (Erein, 2000) liburua alor horretan erreferentziala izan zela ekarri dute gogora: «Ezinbestekoa da ahozko narraziogintzan».

Aurtengoa Urrezko Kalabaza sariaren hirugarren edizioa izango da. Aurreko bi urteetan Itziar Rekalde, Joxemari Carrere, Virginia Imaz, Koldo Ameztoy eta Pello Añorga saritu zituzten, baita Argentinako Jose Campanari eta Eltxeko German Iborra ere.

Ahoz Aho jaialdia martxoarekin batera abiatu zen eta larunbatean emango zaio amaiera, Euskal Narratzaileen Topaketaren baitan. Galaren aurretik, goizean Tolosako Amarotz-eko auzo-etxean Maialen Moreno eta Antton Irusta (10.00) eta Nicolas Buenaventura kolonbiarra (12.30) ariko dira kontu kontari, sari banaketa bazkalostean, 16.00ak aldera egingo da Zuloaga Txikin eta Oihana Iguaran eta Haritz Mujika bertsolariek hartuko dute parte, eta ostean ‘Kaxueira’ musika emanaldia izango da Lua Matheus Essery eta Eider Elorza ‘Eira’ren eskutik.