NAIZ
Bilbo

Orain Errepublikak koalizioa izenpetu dute Bilbon

Orain Errepublikak osatzen duten indar politikoetako ordezkariek koalizioa izenpetzeko ekitaldia egin dute Bilbon. Bertan izan dira EH Bildu, ERC, BNG, Andecha Astur, Puyalón eta Ahora Canarias alderdietako kideak. EH Bilduren MugiDA jaiaz gozatzera joan dira gero.

Orain Errepublikak koalizioa martxan da jada. Irudian, osatzen duten alderdietako kideak, Bilboko ekitaldian. (Andecha Astur)
Orain Errepublikak koalizioa martxan da jada. Irudian, osatzen duten alderdietako kideak, Bilboko ekitaldian. (Andecha Astur)

EH Bildu, ERC, BNG, Andecha Astur, Puyalón eta Ahora Canarias alderdietako ordezkariek datozen europar hauteskundeetara aurkezteko Orain Errepublikak koalizioa izenpetu dute. Bilbon izan da ekitaldia, hain justu EH Bilduren MugiDA jaialdiaren barrenean. Koalizioan ordezkatutako herrietako lagunek egunaz gozatuko dute orain.

Manifestu publiko bat sinatu eta plazaratu dute ekitaldian. Honakoa du izenburua: 'Orain Errepublikak: demokrazia, askatasuna, eskubideak' eta halaxe dio: «Europako eta Estatu espainiarreko autoritarismoaren eta inboluzioaren aurrean, Esquerra Republicana de Catalunya, EH Bildu, Bloque Nacionalista Galego, Andecha Astur, Puyalón de Cuchas eta Ahora Canarias-ek indarrak batzea erabaki dugu demokraziaren, askatasunaren eta eskubideen alde».

Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko, Galizako, Asturieseko, Aragoiko eta Kanarietako indar politikoek aliantza osatu dute datorren maiatzaren 26ko Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezteko. Laburbildu dutenez, tresna demokratiko bat eta konpromiso publiko bat da Orain Errepublikak edo Ahora Repúblicas.

Erabakitze eskubidea, ongizaterako

Manifestuan jasotzen denez, herrien erabakitze eskubidea eta autodeterminazioa funtsezko erreminta gisa hartzen dituzte bertan bizi den jendearen askatasuna eta ongizatea zaintzeko. Ez dituzte ahazten preso politikoen askatasuna eta errefuxiatuen itzulera ere.

Koalizioak eskua luzatzen die Estatu espainolaren barruan errepresioari eta inboluzioari ezetz erraten dieten pertsona guztiei. Eskubide sozialak eta lanarekin lotutakoak ere defendatzen ditu, eta jendarte eredu «justu, solidario, feminista, ireki, ekologista eta demokratikoa» babesten du.