naiz

Iseo & Dodosound, Koban edo Gari, EHZ jaialdian izanen diren «galtzagorrien» artean

Ziklo berri bati ekingo dio aurten EHZk eta auzolana ardatz, galtzagorrien kondairan irudikatu nahi izan dute. Gaur eman dute ezagutzera kartelaren lehen aurrerapen bat eta galtzagorri horien artean izanen dira seo & Dodosound with the Mousehunters, Oihaneko Zühainetan, Gari & Maldanbera, Koban, Broken Brothers Brass Band eta Montauk.

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdia ekainaren 28, 29 eta 30ean antolatuko dute Irisarrin. (EHZ)
Aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdia ekainaren 28, 29 eta 30ean antolatuko dute Irisarrin. (EHZ)

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdia ekainaren 28, 29 eta 30ean antolatuko dute Irisarrin. Gaur kartelaren lehen aurrerapen bat iragarri dute. Bertan izanen dira, modu honetan, Iseo & Dodosound with the Mousehunters nafarrak, Oihaneko Zühainetan jazz, rock eta pop doinuekin, Gari eta bere Gari & Maldanbera proiektu berria, Koban donostiarrak, Broken Brothers Brass Band blues, gospel, jazz eta soul erritmoak eta Montauk gasteiztarrak.

Ziklo berri bati ekingo dio aurten EHZk, gazte talde batek antolatzeko ardura hartu eta gero. Sortutako «auzolan eta elkarlaguntza» nabarmendu dituzte eta, bide horretatik, galtzagorrien gaia jorratuko dute, auzolanaren sinbolo gisa.

Eta musika eskaintzaz gain, gizarteko «gai garrantzitsuak» jorratzen dituzten hainbat gai jorratko dituzte tailer desberdinetan. Biarritzen izango den G7aren gailurra, feminismoa, etorkinak edo burujabetza landuko dituzte. Toi d'abord zirko konpainiak ere bere ‘Encore plus’ emanaldia ekarriko du eta Led Silhouette kolektibo lesakarrak pieza berezia aurkeztuko du.

Sarrerak dagoeneko salgai daude jaialdiaren webgunearen bitartez. Hiru eguneko bonoa 35 euroren truke eskuratu daiteke, oraingoz, baina aurrerago prezio hori 45 eurotara igoko da.