naiz

Caleb Ewanek bereganatu du Turkiako Tourreko laugarren etapa, esprint gogor batean

Azken hiru kilometroetan errepideak gora egiten zuen eta honek esprinta nahastu eta gogortu egin du. Lobatok garaipena eskuetan zuela zirudien, baina Caleb Ewanek azken metroetan aurre hartu dio urteko bigarren etapa irabazteko. Jon Aberasturi zazpigarren izan da eta Enrique Sanz, zortzigarren.

Lurrean amaitu du Ewanek garaipena lortu eta gero.
Lurrean amaitu du Ewanek garaipena lortu eta gero.

Etapako azken hiru kilometroetan pilatu da Turkiako Tourreko laugarren etaparen emozio guztia. Balikesir eta Bursa lotu behar zituzten txirrindulariek 194 kilometrotan. Hauetako asko, autobideetatik. Hori gutxi balitz, aurkako haizea izan dute eta honek erabat baldintzatu du eguna.

Ihesaldia sortu da, tartean Murias taldeko Ander Barrenetxea zegoela. Haizearen ondotik, hainbatek amore eman dute. Ez da Barrenetxea eta De Rossiren kasua izan, zeintzuk, ika-mikaren bat tarteko, buruari eutsi diote azken txanpara bitarte.

Gora egiten zuten hiru kilometro horietan sartuta, Mauro Finetto mugitu da eta bere atzetik Manzana Postobon taldeko txirrindulari bat eta Remco Evenepoel gaztea. Kolonbiarrara lurrera joan da eta haren atzetik baita Evenepoel ere.

Azken metroetan Juan Jose Lobato andaluziarrak abiatu du esprinta eta bazirudien garaipen bikaina lortuko zuela gorabehera handiak dituen txirrindulari honek. Baina azken 50 metroetan bere gurpilean izkutatuta zegoen Caleb Ewanek gogor jo du, bi besoak altxatzeraino. Borrokan izan dira ere Jon Aberasturi eta Enrique Sanz euskal herritarrak ere, zazpigarren eta zortzigarren, hurrenez hurren.