NAIZ

Brexitak kaltetzea espero du Mondragonek, baina etorkizuna ikusten dio merkatuari

Mondragon Korporazioko nazioarteko presidenteak, Oskar Goitiak, baieztatu du epe laburrera ondorio txarrak izan ditzakeela Brexitak. Baina epe ertainera beharrezko akordioak lortuko direla, «Erresuma Batuko merkatuak garrantzitsua izaten jarraituko duela» eta Mondragoneko kooperatibak bertatik «hurbil» egonen direla uste du.

Logistikan eta salmentetan espero ditu Mondragonek Brexitaren kalterik handienak. [Oli SCARFF/AFP]
Logistikan eta salmentetan espero ditu Mondragonek Brexitaren kalterik handienak. [Oli SCARFF/AFP]

Europa Pressekin izandako elkarrizketan, Oskar Goitia Mondragoneko nazioarteko presidenteak azaldu du uneotan dituzten ezbaien artean gehien kezkatzen dituena Brexitaren eragina dela, Erresuma Batuko merkatua inportantea delako Mondragoneko kooperatibentzat.

Zehazki, kasik 350 milioi eurora iritsi ziren joan den urtean bertan egin zituzten salmentak. 600 lagun ditu han lanean Korporazioak, hiru lantegitan banatuta, Maier, Danobat Group eta Orona. Horietaz gain, 13 filial komertzial ditu.

Kezka handia dute Mondragonen, batez ere berriro atzeratu delako Brexitaren prozesuaren amaiera eta horrek zalantza ekartzen duelako. Bruselak urriaren 31 arteko epea eman dio Erresuma Batuari irtenbide negoziatu bat lortzeko.

Logistika eta salmentak

Mondragon Korporazioak logistikan eta salmentetan espero ditu eragin kaltegarrienak. Zaila da, nazioarteko presidentearen arabera, akordiorik gabeko Brexita gertatzen bada eraginak zeintzuk izango diren neurtzea, baina momentuan logistikako hornikuntza arazoak sor daitezke, eta Mondragonen kooperatiben bezeroen produkzioa eten daiteke. Horrek «bertako esportazioa geldituko luke». Enpresak horretarako «prest» daudela adierazi du, hala ere.

Adibidez, agertu du epe laburrera salmentak jaitsiko liratekeela, produktuek, bereziki automobilgintzakoek, aduanarik gabeko bide logistiko azkarrak behar dituztelako. «Hori izango litzateke ondoriorik esanguratsuena, baina epe ertainera hori kudeatzeko beharrezko akordioak lortzea espero dugu», erantsi du Oskar Goitiak.