NAIZ

EiTB Focusen arabera, EAJk irabaziko ditu 28ko hauteskundeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

EiTB.eus-en inkestaren arabera, jeltzaleak izanen dira garaile apirilaren 28an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Elkarrekin Podemos bigarren agertzen da, PSE hirugarren eta EH Bildu laugarren. PPk eserleku bakarra izanen luke Araban.

Herritarrek honako alderdiei bozkatzeko asmoa agertu dute. [Gizaker/EiTB]
Herritarrek honako alderdiei bozkatzeko asmoa agertu dute. [Gizaker/EiTB]

Euskal Irrati Telebistak apirilaren 28an eginen diren espainiar Estatuko hauteskundeen inguruko EiTB Focus makroinkestaren emaitzak plazaratu ditu. %95eko konfiantza maila eta gutxi gorabehera %2,83ko errorea du inkestak. Azaldu dutenez, astearte eta asteazkenean egin zizkieten galderak, telefono bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 laguni, herrialde bakoitzetik 400i.

Azterketa honen arabera, EAJk bere nagusitasuna indartuko luke EAEn bai Estatuko hauteskundeetan eta bai foru hauteskundeetan. Apirilaren 28an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako botoen %28,9 eskuratuko lituzke, eta sei diputatu. Ia lau puntu igoko litzateke.

Hamairugarren EiTB Focus inkesta honek Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan herritarrek zer bozkatzeko asmoa duten jaso du, beste datu batzuen artean. EAJk eserleku bat irabaziko luke eta Podemos eta IUren koalizioa gainditu, joan den hauteskundeetan, Unidos Podemos izenarekin, irabazle izan zena. Orain bigarren agertzen da koalizio hori. Botoen %22 lortuko luke, eta zazpi puntu jaitsiko litzateke. Halere, martxoan egindako EiTB Focus inkestan baino datu hobeak ditu indar moreak. Lau eserleku izenen lituzke.

PSE eta EH Bildu, hirugarren eta laugarren

Hirugarren postuan, PSE azaltzen da, aurreko hauteskundeetan baino emaitza hobeekin: botoen %17,8, hiru puntu eta erdi berreskuratuta, eta eserleku bat irabazita. EH Bildu izanen litzateke laugarren bozkatuena. Honek ere 2016an baino eserleku bat gehiago lortuko luke, bitik hirura pasatuko litzateke. Botoen %16,5 eskuratuko lituzke, eta hiru puntu igoko litzateke.

PPk botoen %9,4 izanen lituzke eta eserleku bakarra lortuko luke, Araban. Kasik lau puntu galduko lituzke. Ciudadanos eta Voxek, aldiz, ez lukete ordezkaririk izanen EAEn.

Oraindik zalantzan dauden eta botoa ematera deituak daudenen kopurua, hitzordutik astebetera, %22,1ekoa da.

Inkesten %27,4 euskaraz egin dituzte eta beste %72,6 gaztelaniaz. Galdetutako herritarren udalerriaren tamainaren arabera kalkulatu dituzte emaitzak.