NAIZ

Bengoa eta Apeztegia urrundu izana salatu du Sarek: «Lekuz kanpo dago hau»

PSOEko Gobernuak zenbait preso Euskal Herrira hurbildu dituela nabarmendu nahi izan du, baina azkeneko asteotan kontrako norabidean bi mugimendu egin dituela salatu du Sarek: Asier Bengoa Sototik Herrerara eraman dute, eta Karlos Apeztegia, Sototik Ocañara.

Urtarrilean Bilbon «Orain presoak» lelopean eginiko mobilizazio. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Urtarrilean Bilbon «Orain presoak» lelopean eginiko mobilizazio. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Lekuz kanpoko»tzat eta «onartezin»tzat jo du Sarek bi euskal preso hauek urrundu izana. Madrilgo Soto del Realen ziren Asier Bengoa eta Karlos Apeztegia, biak beren herrietatik urrutiago eraman dituzte: Herrera de la Manchara lehena eta Ocaña-IIra bigarrena.

«Bien kasuan emandako mugimendu eta prozedurak, salbuespen neurrien adierazle garbiak izan dira, eta presoen eskubideak urratzeaz gain, espainiar Estatuak urruntze politikekin amaitzeko agertutako borondatearen aurkakoa dira», salatu du Sarek prentsa ohar baten bitartez.

Erantsi duenez, bai Bengoa bai eta Apeztegia ere, «aldaketa gauzatu artean, isolamenduan izan dituzte, horretarako inolako arrazoirik gabe, isolamendu egoerak dakartzan muturreko baldintza gogorretara presoa era bikoitzean zigortuz».

Hurrengo igandeko hauteskundeen bezperetan gertatzen dela ez zaio oharkabean pasatzen. «Sarek, garai berri batean aurrean gauden honetan, atzera urrats nabarmen gisa kokatzen ditu urrunketa hauek, are gehiago, espainiar Gobernutik urruntze politikarekin amaitzeko konpromisoaz mintzatu ostean, legearen aurkako ez ezik, Gobernuaren beraren konpromisoaren aurkako erabakia dira», dio oharrak.

Hausnarketa honekin amaitzen du: «Elkarbizitzan eta bakean biziko den jendartea eraikitzeko, sufrimenduarekin amaitu beharra dago. Aurrera egiteko unea da».